Grebaren ondorena

LABek dio PSE-EE eta EAJren balizko ituna "iruzurra" litzatekeela

"Ez dugu eskatu bakarrik egingo", dio Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, "beste eredu bat eraikiko dugu". Uste du greba orokorreko "uholdeak" erakutsi duela langileek "borrokarako hautua" egin dutela, eta eredu berriaren alde aurki "urrats gehiago" egingo dituztela esan du. [Youtube]http://youtu.be/45y8k6r_bF0[/Youtube]

xabier martin
2013ko ekainaren 3a
18:55
Entzun

Aurreko osteguneko greba orokorrak "euskal gizartea eredu soziopolitiko berri baten alde" dagoela erakutsi du, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren uztez. Lanuztera deitu zuten sindikatuek mezu bat helarazi zuten erakundeen zilegitasunaren inguruan, eta mezuak arantza luzea ekarri du; LABeko buruak mezu berean sakondu du: "Ez ginen atera kalera bakarrik neurri neoliberalak salatzeko, beste eredu bat eraiki nahi dugulako baizik". Eskatze hutsetik harago, eraikitzeko "urratsak" egin zirela dio. "Langile gehienek» eskubide sozialen gutunak ordezkatzen duen eredu berriaren aldeko sindikatuak laguntzen dituztela esan zuen. "Ez gara salaketa hutsean geratuko; urratsak egitera goaz", ohartarazi zuen, "kapitalari eta patronalari boterearen jokalekuan aurre egiteko".

Euskal Herriaren egungo egoera zehatzak hauspoa ematen dio LABek babesten duen eredu aldaketari, Etxaideren aburuz. "Europan ez du parekorik euskal langileek egin duten borrokaren aldeko hautuak". Krisiari ematen ari zaion erantzuna "desberdina" da Euskal Herrian; "CES Europako sindikatuen konfederazioa txikituta dagoela ikustea besterik ez dago. Ez dauka inolako gaitasunik kontrabotere bat eraikitzeko, eta euskal sindikatuek bai". Botere ekonomikoaren aurrean euskal gizartea "langileak subjektu" bihurtzen dituen eredua eraikitzen ari dela dio Etxaidek.

Lan gatazken kopurua "hirukoiztu izanak" erakusten du langileen borrokarako hautua. Eta aurreko asteko greba orokorrak ere bai, "kalera atera zen jende uholdeak". Ostegunean ikusi zen, Etxaideren esanetan, "unibertsitateak, industriak eta komertzio txikiak, adibidez" eredu berriaren alde daudela.

Bruselaren "agenda neoliberala" gauzatzeko prest daude, sindikatu abertzaleko buruak dioenez, "betiko itun politikoak egingo dituztenak", hala Nafarroan nola Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. "UPN-PSN eta EAJ-PSEren arteko itunak iruzurra dira gizartearentzat". Patxi Lopezen eta Andoni Ortuzarren alderdien balizko itunaren atzean zer dagoen azaldu zuen Etxaidek: "EAJk amore eman du erabakitzeko eskubidean, eta PSE-EEk porrot egin du ezkerreko politiketan; baten porrotaren eta bestearen amore emateko jarreratik sortzen den akordioak ez du ekarriko herrialde honek merezi duen irtenbidea". Itun horien gainetik "eredu aldaketa azkartu daitekeela" dio Etxaidek, langileak pauso gehiago emateko prest daudelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.