LABek estrategia berritu nahi du, akordioen aukera indartuta

Sindikatuak uste du trantsizio politiko eta ekonomikoari subiranotasunetik heldu behar zaiola, eta itunak lortzen saiatuko daVIII. Biltzar Nagusia egingo du ekainaren 21ean eta 22an , Barañainen

LABeko Garnika, Gonzalez, Etxaide eta Berasategi, atzoko aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Kapitalismoak ziklo berri bat zabalduko du, eta ez dute zerikusirik izango krisiaren aurretik zegoen egoerak eta ondoren egongo denak», Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Kapitalismorik bortitzena iritsiko dela uste du, eta ohartarazi du testuinguru horri aurre egiteko sindikalismoa egiteko modua aldatu behar dela, «borroka estrategia berritu». LABek orain arte egin duen ibilbidean borrokaren ildoa nagusitu da, baina, aurrerantzean, akordioak lortzeko aukera zabalduko dute, horretarako borroka sindikala baztertu gabe.

LABek VIII. Biltzar Nagusian eztabaidatuko du sindikatuaren estrategia politiko eta ekonomiko berria, ekainaren 21ean eta 22an, Barañainen (Nafarroa). Kongresu horri berebiziko garrantzia eman nahi izan dio Etxaidek, «egiten ari garen bidearen jarraipen bat proposatuko baitugu». Nazioarteko konferentzia bat egingo dute ekainaren 20an, «krisiak sortu duen egoeraren inguruko ikuspegiak lantzeko».

Ildo berri hori jorratzeko, ordea, aliantzak lortzeko bidea ere zabaldu nahi du LABek, «sindikalismo subiranistak garrantzia azpimarragarria izan behar baitu datozen urteetan», Etxaideren ustez. Euskal Herria krisi ekonomikoari baliabide propiorik gabe ari zaio aurre egiten, «Espainiako formulak hemen ezarriz». Etxaidek adierazi du Euskal Herria trantsizio politiko eta ekonomiko baten aurrean dagoela. LABeko idazkari nagusiak uste du independentzia dela eredu ekonomiko berria eta alternatiba ekonomikoa lortzeko «aukera bakarra».

Gehiengo sindikala

Aliantzak biltzeko bidean, Etxaidek aipatu du«iniziatiba berriak adostu behar» direla. Horregatik, ez du hautsitako gehiengo sindikalera itzuli nahi, «ez duela bost hilabete geunden bezala, bederen». Azken urteetako dinamika gaiztotu izana sakoneko eztabaida batzuen ondorio da, nahiz eta funtsean «egin behar zen eztabaidarik ere ez genuen egin». Mahai gainean jartzen duten hausnarketa, beraz, sindikalismo abertzaleak Euskal Herriaren eraldaketan eduki beharko lukeen zeresana da, eta estrategia partekatu behar dutela uste du.

Aurrera eraman nahi duen ildo subiranista indartzeko, gainera, unibertsitateko 40 irakasleren ikerketa bat ere aurkeztuko du sindikatuak. «Euskal estatua lortu ahal izateko baldintzak eta ondorioak aztertuko dituzte», Etxaidek azaldu duenez, eta sindikatuaren estrategia berria birbideratzeko ere baliagarri izango da.

Sindikatua, gainera, «indartuta» iritsiko da biltzarrera, azken afiliazio datuak kontuan hartuz gero. Hiru urtean 4.000 afiliatu gehiago lortu dituzte, %11ko igoera. Hazkunde hori, gainera, herrigune handietan lortu dute, LABen ibilbide eta joera historikoa aldatuz. Herrialdeei dagokienez, Bizkaian izan du hazkunde handiena, eta orain UGTrekin berdinduta dago bertan. Afiliazio gehien, gainera, zerbitzuen sektorean lortu du sindikatuak. LABek delegatuen %16,53 dauzka Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.