Maiatzaren Lehena

LABek eta CCOOk gogor salatu dute Maiatzaren Lehenerako mugak ixtea

LABen ustez, «pandemia hasi denetik, Eusko Jaurlaritzak ez du ahaleginik egin enpresetan segurtasun neurriak bete daitezen», eta herrien mugak itxi nahi dizkiote Maiatzaren Lehenari. CCOOek helegitea jarri du epaitegietan itxiera horien aurka.

Aurreko urteko Maiatzaren Leheneko irudi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2021eko apirilaren 27a
14:54
Entzun

LAB sindikatuak 27 manifestazio antolatu ditu Maiatzaren Lehenerako Euskal Herri osoan, martxa bateratu handirik ez egiteko, baina sindikatu abertzalea haserre azaldu da Ertzaintzak eskatu duelako erreibindikazio egun horretan ere eremu gorrian dauden udalerrien itxierak bere horretan segitu dezala manifestazioetan parte hartu nahi dutenentzat. LABek gogorarazi du jarduera sindikala salbuespen gisa jasoa dagoela itxiera horien baldintzetan, eta sindikatuen betebehar bakarra dela segurtasuna bermatzea ekitaldietan.

«Pandemia hasi denetik, Eusko Jaurlaritzak ez du ahaleginik egin enpresetan segurtasun neurriak bete daitezen», esan du LABek: «egunero, milaka langile beharrera joaten gara, sarritan lepo dauden garraio publikoetan, ez delako zerbitzu nahikoa ematen. Eta garraio horiei begiratu beharrean, Ertzaintzak kalean egingo diren mobilizazioei begiratzen die, baita segurtasun neurri guztiekin egitekoak badira ere».

CCOOek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo du helegite batekin, «langileen ahotsa isiltzeko saio» gisa hartu duelako Segurtasun Sailaren Maiatzaren Lehenerako debekua: «Ez du inolako oinarririk, ez osasun arlotik, ez logikatik». CCOO sindikatuak UGTrekin batera deitu du ekitaldietara egun horretako. ELAk atzo egin zuen Maiatzaren Lehenerako deialdia, eta Ertzaintzak jarri dituen mugekin kexu azaldu zen. Hegoaldeko lau hiriburuetara deitu ditu langileak ELAk. Uste du manifestatzeko eskubidea nahikoa arrazoi dela itxiera perimetrala hausteko.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ukatu egin du hiritarrak manifestazioetara joatea eragotziko duela, «Espainiako Konstituzioak jasotzen duen oinarrizko eskubide bat delako», baina, Lakuarentzat, «logikoena» da herritar bakoitza bere herrian aritzea. Gasteizko gobernuak gogorarazi du langileen egunaren auzia emakumeen egunarenaren parekoa dela, Martxoaren 8aren parekoa. Edonola ere, Bingen Zupiria bozeramaileak garbi utzi du justiziak erabakiko duela langileak herri batetik bestera joan ote daitezkeen edo ez manifestatzera, CCOOek eta UGTk jarritako helegitearen ondoren. Alegia, Jaurlaritzak udalerrien itxierei eutsi nahi die Maiatzaren Leheneko manifestazioetara joan nahi dutenenentzat, eta epaitegiek ezarriko dute debeku hori egongo den ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.