Enpresa mailako lan hitzarmen negozioazioan, hedatzen ari da soldaten igoera aldagai aldakorrei lotzea. Esaterako, TUV Rheinlandeko langileek 2015ean eta 2016an soldata igoera izango dute baldin eta 140.000 ibilgailu ikuskatzen badituzte. LABentzat "onartezinak" dira aldagai aldakorrak, eta iragarri du "soldata igoera finko eta neurtuen" aldeko apustuarekin jarraituko duela. Erreferentzia hori KPIa dela dio, neurgarria delako.
LABen arabera, gogortzen ari da soldaten aurkako erasoa. Bi modutan egiten dela esan du Garbiñe Aranburu Ekintza Sindikaleko arduradunak. Alde batetik, soldatak izoztuta edo oso gutxi igota; eta bestetik, soldaten eta KPIaren arteko lotura hautsita. Adierazi du patronalek argi esan dutela 2016ra arte soldatek ezin dutela igo, eta edozer egin behar dela KPI erreferentzi ez izateko. "Sektoreko negoziazio blokeatuta dagoen bitartean, enpresetan patronalak nahi duen soldata egitura hori negoziatzen hastea ere bada beste modu bat patronalaren estrategia babesteko".
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren hitzetan, soldatak eguneratzeko erabili nahi diren parametroak kontsumoari lotutakoak dira. "Kontsumoa etengabe eroriko da. Beraz, egiten ari garena da krisi hau sortu duten elementuak euren artean elikatu, baina betiere batzuen negozioa handituta". Hala, esan du LABek gaur arteko erreferentziekin negoziatuko dituela soldatak.
Lantokiz lantokiko borrokan, akordioak bilatuko dituztela gaineratu du Etxaidek, "baina ez orokorrak, ez direlako eraginkorrak". Halaber, langile berriei soldata apalagoak ordaintzearen aurka egingo dute.
Alabaina, LABen irudiko, soldaten murrizketaren aurkako borrokak ezin du lantokietara mugatu, "borroka horren gainean borroka politikoa egin behar da, guzti honen gainean erabaki politikoak daudelako". Erakundeetara eramango du aldarrikapena, iniziatiba zehatzen nahiz orokorren bidez. Azken horiei dagokienean, eskaera nagusiak izango dira negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzea eta gutxieneko soldata hobetzea.
Soldaten egiturari buruz eztabaidatzeko ere prest daudela azaldu du Etxaidek, baina Euskal Herrian negoziatzekotan eta emaitza eredu berri bat izatekotan.