LABek itunak babestu nahi ditu sindikatuen akordio batekin

Herrialdeko lan hitzarmenak Espainian sinatutakoen gainetik jarriko ditu akordioak, lan erreformak dioenaren kontraConfebask ez du gonbidatu negoziatzera, aurrekoan erakutsi zuen jarreragatik

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboa lan erreformaren eraginetik babestu nahi du LABek, kosta ahala kosta. Aurreneko saioak, greba orokorraren aurretik CCOO eta UGT sindikatuekin eta Confebask patronalarekin batera eginikoak, ez zuen emaitzarik ekarri. Baina ez dago etsitzeko. Bigarren saioa egiteko prest dago, oraingoan sindikatuekin bakarrik. Hala, negoziazio kolektiboa blindatzeko eta lan erreforma indargabetzeko oinarrizko akordio bat egitea proposatu die Hego Euskal Herriko gainontzeko sindikatuei.

LABen nahia ahalik eta akordiorik zabalena egitea da, zenbat eta sindikatu gehiagok babestu orduan eta eraginkortasun handiagoa izango baitu hitzartutakoak. Akordio orokor bat egitea ezinezko ikusten badu, akordio txikiagoak lortzen saiatuko da, sektore bakoitzeko negoziazio mahaian gehiengoa izatea bermatuko diotenak. Halaxe azaldu zuten Garbiñe Aranburu sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunak eta Asier Imaz industria federazioko idazkariak atzo Bilbon egindako agerraldian.

Oraingoan, ordea, sindikatuak bakarrik eseriko dira oinarrizko akordio hori negoziatzeko mahaian. Patronala ez da ongietorria, sindikatu abertzaleak hari egozten baitio lan itunak blindatzeko lehen saioak huts egin izanaren errua. Aranbururen hitzetan, «mahai hura Confebasken goseak hautsi zuen», gehiago eta gehiago nahi izan zuelako eta azkenean dena bertan behera gelditu zelako. LABeko buruzagiak uste du ordutik egoera asko aldatu dela eta oraingo baldintzak ez direla Confebaskekin hitz egiteko modukoak. «PPren erreformak, greba orokorrak eta patronalak erreforma babesteko eta grebari indarra kentzeko egindako ahaleginak ezinezko egiten dute negoziazio hari berriz heltzea».

Gainontzeko sindikatuekin autonomia erkidego mailako akordioak egin nahi ditu LABek. Beraz, Hegoaldean bi akordio izango lirateke: bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta bestea Nafarroan. Modu horretan herrialdekako lan itunak lehenestea nahi du, Espainiakoen aurretik jartzea, lan erreformak dioenaren kontra. Hortaz, enpresaz enpresa hitzarmenak negoziatzerakoan, herrialdeko itunak jasotzen dituen baldintzak gutxienekotzat hartu beharko lituzkete sindikatuek.

Arbitratzearen kontra

LABen arabera, nahitaezko arbitratzea baztertzeko sindikatuen konpromisoa ere jaso beharko luke akordio zabal horrek. Lan erreformaren beste berritasunetako bat da hori. Lan araudi berriak dio enpresaren eta langileen arteko desadostasun eta gatazka egoerak konpontzeko halabeharrez arbitratzera jo beharko dela. LABen ustetan, ordea, horrek indargabetu egiten du negoziazioa, desadostasunak konpontzeko berezko bitartekoa. Horregatik, arbitratzea baztertzearekin batera, ultraaktibitatearen alde egiteko konpromisoa eskatu die gainontzeko sindikatuei, lan itun berria egin artean zaharrak indarrean jarraitzeko aukera emango lukeelako horrek. Lan erreformak gehienez bi urtera mugatu du lan itunen indarraldia.

LABek dagoeneko igorri die proposamena ELA, EILAS, CCOO eta UGT sindikatuei. Ados jartzea lortzen badute, hitzartutakoa berehala sartuko da indarrean, eta bi autonomia erkidegoetan zabalik dauden sektorekako negoziazio guztiei eragingo die. Horrela, patronalari aurre egin eta itun horiek lan erreformaren eraginetik babestuko lituzketela uste du LABek, «patronala oso gustura baitago lan erreformarekin eta hark ematen dizkion aukera guztiak baliatzen saiatuko baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.