LAB sindikatuak mobilizazioetara deitu ditu Nafarroako langileak, herrialdeak duen egoera politiko, ekonomiko eta sozial "larriaren" aurka protesta egiteko. Agerraldi bat egin dute gaur, eta adierazi dute egungo egoeraren aurka langileek "borrokatu" egin behar dutela.
Hiru helburu ezarri ditu LABek protestekin: Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen dimisioa eta hauteskunde deialdia; ikerketa batzorde bat osatzea, Nafarroako Kutxako "arpilaketa" ikertzeko; eta "eredu ustel eta antisoziala amaitu" eta eredu politiko eta ekonomiko berri bat ezartzea.