Enplegua

LABek kontratu publikoetan klausula sozialak sartzeko eskatu die alderdiei

Azpikontratazio politikek administrazio publikoan ere prekarietatea zabaldu dutela salatu du sindikatuek

Jon Fernandez.
2015eko otsailaren 25a
09:15
Entzun

Udaberrian hauteskundeak datozela aintzat hartuta, LABek hauteskunde programetan kontratu publikoetan klausula sozialak sartzeko eskatu die alderdi politiko guztiei. Sindikatuaren arabera, lan erreformen ondorioz "orain arte zeuden oreka apurrak apurtu dira patronalaren mesedetan", eta prekarietatea sektore pribatuan ez eze publikoan ere hedatu da azpikontratazioen politikaren ondorioz. "Erabaki politikoek ekarri gaituzte hona, eta egoera honi buelta emateko erabaki politikoak behar dira", nabarmendu du LABek.

Alderdi politikoei hauteskundeeta programetan gaia kontuan har dezatela eskatzeaz gain, sindikatuak azaldu du bilerak egin dituela eragile politikoekin, eta ez duela erantzun berdina jaso guztien aldetik. Hegoaldeko hainbat erakundeetan mozioak sartu ditu LABek kontratu publikoetan klausula sozialak sartzea aldarrikatuz.

Mozioak erakundeetan

Nafarroako Legebiltzarrean, adibidez, bi ekimen sindikal egon dira: ELAren Herri Ekimen Legegilea eta LABen mozioa, eta berriki foru lege bat onartu dute. "Aurrerapauso bat izan da" LABen ustez, "hala ere, ez dira landu beharreko gai guztiak lantzen, eta puntu gearrantzitsuak lotu gabe geratu dira".  Eusko Legebiltzarrean, berriz, ELAren Herri Ekimen Legegilea dago tramitazioan, eta LABek ere mozioa sartua du. LABen ustez, aukera paregabea dago Eusko Legebiltzarrean Nafarroan onartu den legea baino haratago joateko". 

Sindikatuak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundia, "EH Bilduren ekimenez, hau da, iniziatiba politikoz", bi foru arau onartu direla norabide horretan. Lehenengoa eraikuntzarako izan zen, Bildu, Aralar eta PSEk onartua, errekurritua izan zena eta orain epaitegiek ontzat eman dutena. Bestea orrokorra izan zen, azpikontratetan lan egiten duten gainerako langileentzat. "Ahobatez alderdi politiko guztiek onartu zuten, prozesuan sindikatuak entzunak izan gara eta Nafarroan onartu dena baina askoz osatuagoa da, LABen aldarrikapenak bertan jasoak daude"

LABen iritziz auzia "guztiz politikoa" da. "Gipuzkoan alderdi politiko guztiek babestu dute foru araua, beraz, ez dugu ulertzen EAJ-PSE-PPk erantzunkizun instituzional zuzenak dituzten kasuetan zergaitik ez duten Gipuzkoan onartu dena bere egiten". 

Klausula soziala, puntuz puntu

Honako aldarrikapenak sartu ditu LABek klausula sozialetan: 

-Langile guztiei (kontratazio berriei ere) azken lan hitzarmena aplikatzea.

-Langileen subrogazioa betetzeko neurriak hartzea.

-Lan hitzarmena ez betetzeko aldebakarreko prozedurarik ez erabiltzea.

-Enpleguaren defentsa: lanpostuak mantendu, zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren gutxieneko langile kopurua bermatu, ordezkapenak egingo direla ziurtatu, eta abar.

-Lan osasun, aukera berdintasun edota hizkuntza eskubideak bermatzea.

-Baldintza hauek betetzen ez dituztenei isunak jartzeko aukera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.