LABek Lan Ikuskaritzara jo du EHUko langileak etxetik aritu daitezen

Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak jarduera presentzialera itzultzea eragotzi nahi du sindikatu abertzaleak.

EHUko Leioako kanpusa hutsik ia, pandemia dela eta. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
xabier martin
2020ko maiatzaren 14a
13:04
Entzun

LABek salaketa aurkeztu zuen atzo Bizkaiko Lan Ikuskaritzan EHUren aurka. Sindikatuak eskatu du geldiarazteko unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak jarduera presentzialera itzultzea, «harik eta eskubide urratzeak konpontzen diren arte eta langileen osasunerako eta segurtasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzen den arte».

Salaketa horrek koronabirusaren ondorioz hartutako hainbat erabaki gogoratzen ditu; «erabaki gehienak indarrean jarri dituzte sindikatu eta lan osasuneko ordezkarien eta batzordeen parte hartzerik eta ezagutzarik gabe». Era berean, LABek dio ukatu egin diola zuzendaritzari eskatutako informazioa. «Salatu nahi dugu administrazioak sorrarazitako nahasmena langileen artean: batzuk maiatzaren 11tik lanera joatera deitu dituzte, baina lana ez zegoen antolaturik».

Halaber, sindikatuak salatu egin du unibertsitatea «talde kalteberen langileekin izaten ari den jokabidea». Errektoreak onartutako lehen Itzulera Planean jasotakoa ez da betetzen ari, LABek dioenez: «Aurrez aurreko lanera itzultzekotan, talde horietako langileek joan behar zuten azken txandan, eta haiek izango zuten telelanean jarraitzeko lehentasuna».

Astelehenean bilera egin zuten

Sindikatu abertzaleak jakinarazi du astelehenean bilera bat egin zuela EHUko zuzendaritzarekin, eta hainbat ondorio atera ditu batzar horrek eman zuena aztertu eta gero. «EHUko errektoreak ez du ezelako asmorik langileon osasun egoeraren probak egiteko; ez premiazko zerbitzuetan egondakoak, ez talde kalteberetakoak, ez aurrez aurreko jardunera itzuli beharko dutenak». LABek dio kudeatzaile nagusiak berretsi zuela hori; «behartzen ez gaituzten arte», izan zirela haien hitzak.

Horrez gain, sindikatuak jakin du ikastegi, zerbitzu, sail eta hainbat unitatetako berezko itzulera planak ez direla aldez aurretik jarriko lan-osasun ordezkarien esku, «ezta lan-segurtasun eta osasun batzordeen esku ere». Plan horiek balioztatu eta onartzea «kudeatzailearen beraren esku» geratuko litzateke.

Azkenik, LABi bilerak balio izan dio baieztatzeko birusarekiko kalteberak diren langileak gaur, lehen txandan, sartuko direla lanera. «Onartezina iruditzen zaigu, besteak beste, aurretik esandakoa gezurtatzen duelako, eta ez delako kontuan hartzen haien lanpostuetan dituzten baldintzak eta zereginek osasunean eragin dezaketen kaltea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.