LABek «epe luzerako» enplegu politika bat galdegin du

Urtarrilaren 30eko grebako aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta patronalei.

LABeko Xabier Ugartemenedia eta Eider Casanova,Jaurlaritzaren Bilboko egoitzann. LAB
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 11
12:45
Entzun

Enplegua mantentzeko eta duintzeko, plan integral bat galdegin du LABek, eta, horretarako, proposamen zehatz bat landu du. Confebask eta CEN patronalen egoitzetan eta Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan erregistratu du proposamena.

Funtsean, urtarrilaren 30eko greba orokorrean eginiko eskaerak jasotzen dituzte testuok: enplegua babestea, lan baldintzak duintzea, eta zerbitzu publikoak indartzea dituzte xede, sindikatuak ohar batean azaldu duenez. Besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, 35 orduko gehieneko eta 20 orduko gutxieneko asteko lanaldia ezartzea, subrogazio eskubidea bermatzea eta sexu arrakalari aurre egiteko neurri zehatzak adostea.

LABen negoziazio kolektiboko eta ekintza sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak azaldu duenez, aurreko krisiak prekaritatea «legezko» bihurtu zuen, eta horri aurre egin behar zaio. «Orain, pandemiaren ondorioz, beste krisi batean murgilduta gaude. Orain, erasoak murrizketa berrietatik eta enplegua suntsitzetik etorriko dira. Patronalak milaka lanpostu suntsituko dituela esan du. Jaurlaritzak atzo 68.000 lanpostu suntsituko direla esan du. Eta egoera honi aurre egiteko neurririk ez dute proposatu, ez batak, ez besteak».

Sindikatuaren ustez, krisia langileak ordaintzea nahi dute patronalak eta gobernuek. Horrez gain, salatu du egun mahai gainean dagoen eztabaida bakarra dela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean (ABEE) dauden langileen sariak osatzea —gaur EAEko krisi mahaian Jaurlaritzak, patronalak eta UGT eta CCOOk—. ELA alde azaldu da, eta Ugartemendiak azpimarratu du LAB ere ados dagoela aldarrikapen horrekin, baina, egoera zein den ikusita, ez dela nahikoa uste du. «Epe laburrera begira soilik ezin gara egon. Neurriak behar dira enplegua bermatzeko eta prekaritatea ezabatzeko, epe ertain eta luzera begira».

Aldi baterako erregulazioei buruzko eskaerak

Aldi baterako erregulazioen inguruan, sindikatuak proposatu du laguntza bat sortzea enpresak langileei ordaintzen dien langabezia osagarriaren %25i aurre egiteko, 1.200 eurorainokoa izan dadin. Eta hori ematea honako konpromiso hau hartzen dutenek: aldi baterako erregulazioa amaitu bitartean langilerik ez kaleratzea eta langile guztien enplegua bermatzea COVID-19agatik ezarritako alarma egoera amaitu eta urtebetean. 2020an galerak dituzten enpresek bakarrik jaso beharko lukete laguntza, LABen arabera, eta ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenek jasotako dirua itzuli beharko lukete.

Familiako kontziliazio beharrei aurre egiteko baimenak ematen dituzten enpresentzat ere laguntzak proposatu ditu, lizentzia egoeran dauden langileek jasotzen duten soldataren %25i aurre egiteko. LABen arabera, neurriak gutxienez soldata garbiaren %80 eta kotizazioaren %100 bermatu beharko luke.

Aipatutako neurriak finantzatzeko zerga erreforma bat egitea proposatu du sindikatuak, eta aldaketa hauek eskatu ditu: metatutako aberastasunaren gaineko zerga berria; pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga birformulatzea, ekitatea berreskuratzeko; sozietateen zergaren tasa nominaleko murrizketak leheneratzea eta murriztapenak ezabatzea; eta iruzur fiskalaren eta paradisu fiskalen aurkako neurriak gogortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.