Urtebete baino gehiago da Michelinek enpresa itun berri baten arauekin jarduten duela Hego Euskal Herriko (Lasarte-Oria eta Gasteiz) eta Espainiako plantetan; itun hori legez kanpokoa zela esan zuen, ordea, LAB sindikatuak, "inposatzen zuen erabateko malgutasun sistemak" ez zituelako beharginen gaixotaun arruntak eta baimenak errespetatzen. Langile bakoitzaren egun poltsaren sistemak baja egun horiek berreskuratzeko aukera ematen zioten zuzendaritzari.
Aurrerantzean zuzendaritzak tentuz ibili beharko du itunak zabalik uzten zion aukera hori baliatu nahi badu, Madrilen egin berri den epaiketaren ondoren aldeek eranskin bat gehitzea adostu baitute enpresa hitzarmenean. Gaixotasun arruntarengatik eta baimen bereziengatik lan egin ez diren egunak modu indibidualean berreskuratzeko ezintasuna finkatzen du eranskinak. Hala, LABek lortu du Michelingo milaka langileri eragiten dien ituna aldatzea zati horretan.
Lasarten, 550 langilek dihardute lanean, eta Gasteizen, 3.100ek. Hitzarmena Espainiako lantegien ordezkariekin batera negoziatu zen orain urtebete, eta lantegi arteko batzordean ez zen islatu euskal planten ordezkaritza sindikalaren errealitatea. CCOOk eta UGTk euren gehiengoa baliatu zuten planta guztietan "malgutasuna muturrera daraman sistema" indarrean jartzeko, LABek salatu zuenez.