Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hitzarmen askotan dagoen geldialdia gainditzeko asmoz, LAB sindikatuak bere proposamena aurkeztu du Lan Harremanen Kontseiluak Donostian, Bilbon eta Gasteizen dituen egoitzetan. Sindikatu abertzalearen arabera, negoziazio kolektiboaren geldialdiak larriagotu egin du langileen egoera, eta "babesgabetasun egoera" horrek ondorio latzak ditu: "Negoziazio kolektiboaren arazoa ez da patronalaren eta sindikatuen arteko lan arazo soila. Arazoa politikoa da, eta irtenbide politikoak eskatzen ditu".
Patronalaren jarrera "itxia" den arren, LABek oraindik negoziazio kolektiboaren aldeko "apustua" egiten jarraitzen du. Hori dela eta, beharrezko jotzen du negoziazio mahaiak berriro biltzea. Zentzu horretan, Lan Harremanen Kontseiluari eskatu dio Confebaski exiji diezaiola "benetako negoziazioei" ekiteko. Lau puntu nagusi ditu LABen proposamenak:
-Gutxiengoak sinaturiko akordiorik ez: "Gatazka iturri izango lirateke".
-Lan erreformaren ondorioetatik blindatzeko klausulak: "Legeak patronalari ia erabateko aldebakartasuna ematen dio harremanak nahi dituen moduan egin eta desegiteko... Bi aldeen artean adosturikoa beteko dela bermatzeko neurriak adostu behar dira".
-Erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera ematen duten soldata igoerak: "KPIaren gainetik egongo diren soldata igoerak adostu behar dira".
-Langileen prekarizazio handiagoa eragingo duten neurriak ez hartzea.