Ekonomia

LABek ohartarazi du emakumezkoen enplegua %12,1 jaitsi dela 2008tik

Lanaldi partzialetan lan egiten dutenen beharginen artean %80 emakumeak direla ere jakinarazi du sindikatuak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko azaroaren 27a
17:49
Entzun

Fagor Etxetresnak-en kasua oihartzun handia izaten ari da azken asteetan, eta bertan ziharduten bazkideen birkokatzeen inguruan ere asko hitz egin da. Baina esparru horretan isildutako sektore bat dagoela gogorarazi gura izan du LABek: emakumezkoena. Izan ere, Fagor Etxetresnak-i zerbitzua eskaintzen zien langileekin zer gertatuko den ez da argitu, eta hor hutsunea sumatu du sindikatuak. Garbiketa lanak egiten zituzten langileak, jantokian aritzen zirenak, telefono arreta zerbitzuan zeudenak edo beste alor batzuetan beharrean ari zirenak kalera bidaliko dituztelako. “Mondragon Korporazioaren barruan hauen enplegua modu isilean suntsituko da”, sindikatuaren arabera. Baina Fagor Etxetresnak-eko kasua azken adibide bat besterik ez dela adierazi du Izaskun Garcia LABeko zuzendaritzako kidearen esanetan. 2008 urtean krisia hasi zenetik 68.300 lanpostu suntsitu baitira emakumezkoen artean. Alegia, %12,1eko jaitsiera zenbatu du sindikatuak.

Beste datu aipagarririk ere eman du LABek. Lanaldi osoko enpleguaren %19,3 suntsitu den bitartean, lanaldi partzialeko enpleguak %6,2 hazi baita. Eta “aitortza edo balio sozial gutxiago eman zaion enplegu prekario hau emakumezkoei eskaini zaie urte guzti hauetan”, Garciaren esanetan. Nahiz eta krisiaren ondorioz lanaldi partzialetan gero eta gizon gehiago aritu, baldintza horietan oraindik %80 emakumeak dira. Horri guztiari aurre egiteko, “eredu berri bat” aldarrikatu du sindikatuak, lehiakortasuna lan merkatuaren etengabeko prekarizazioan bilatuko ez duena, eta “gizon zein emakumeei enplegu duina bermatuko” diena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.