ERRENTA MOTAK
Errenta guztiak berdin tratatzea, beren izaera eta jatorria—kapitala edo lana— aintzat hartu gabe. Ondorioz, kapitalaren errentak PFEZeko zerga eskalaren arabera zehaztea.
PFEZ
•Errenta tarteak. Kopurua handitzea, presio fiskala eta ordaintzeko gaitasuna «ahalik eta zehatzen bat etortzeko».
•Gehienezko tasa. Igotzea, Europako Batasuneko beste herrialde batzuen parera, «zerga eredu birbanatzaileagoa» dutenena. Suedia (%56,4) eta Belgika (%53,7) aipatu ditu.
•Etxe hutsak. Etxe hutsak eta bigarren etxeak PFEZean zergapetzea.
•Pentsio plan osagarriak. Bertan behera uztea borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak sustatzeko pizgarriak.
SOZIETATE ZERGA
•Jaitsierarik ez. Orain arte egindako jaitsierak bertan behera uztea eta «zergaren tasak zuzentzea».
•Kenkaririk ez. Kenkariak, hobariak eta bestelako pizgarriak kentzea. LABen esanetan, enpresek benetan irabazien %12,7 baino ez dute ordaintzen zergetan.
•Ezohiko trataerak aztertzea. Horietan oinarrituta kasu batzuetan zerga tasa txikiagoak ezartzen zaizkielako.
ONDARE ZERGA
Berriro ezartzea eta ondorengotza zergan ahaidetasun mailaren araberako salbuespenak kentzea.
FINANTZA ERAKUNDEAK
Finantza aktiboekin egiten dituzten salerosketei zerga bat ezartzea.
ZERGA IRUZURRA
•Plana. Erakundeek iruzurraren kontrako plan «serioa» eta «ausarta» koordinatzea eskatu du.
•Baliabideak. Zerga ikuskaritzarako bitarteko gehiago.
•Araudia. Zergen araudi guztia berriro aztertzea, zergak saihesteko zerga ingeniaritza eta ezohiko tratuak saihesteko.
•Baliogabetze epea. Zerga iruzurrak baliorik gabe geratzen diren epea lau urtetik hamar urtera handitzea. Hori ez da diputazioen eskumena.
•Zigorrak. Zerga iruzurragatik zigortuek zigorra betetzea eta «arau-hausteak konpontzeko epez kanpo aitorpen osagarriak aurkezteko aukera kentzea». LABek zigorrak gogortzea proposatu du arauak etengabe iruzur egiten dutenentzat.