2013an hasi ziren negoziazioak M4F Media For Future eta EITBren artean. EITBren aurrekontuetan murrizketak izan ziren, eta enpresa horri kontratatutako zerbitzua ere murriztu egin zuen. Langileek protesta egin zuten, eta ez zen lanposturik deuseztatu orduan, baina langile gehienen lanaldia murriztu egin zuten. "Dena erabakita zegoen. Enpresako azpikontratazioan irregulartasunak zirela bazekien EITBk. Langileen legez kanpoko lagatzea salatzeko aukera zegoela ohartu zen. Horrela, M4Fko langileen ia erdiek salaketa aurkeztu zuten. Legez kanpoko lagatzea 'oso larria' izan dela diote Lan Ikuskaritzako txostenetan". Enpresaren egoera salatzeko, ohar bateratua osatu dute M4Fko enpresa batzordeak eta EITBren eta EITBnet-en LAB sindikatuko ordezkariek.
M4Fk EITBren webgunea kudeatzen du, eta LABek salatu duenez, webgunea sortu zenetik ez du egiturazko lanposturik izan orain artean: EITBNET SA-ko hamasei langilek eta azpikontratatutako 50 lanpostuk egin dute lan bertan. Orain, lana erregulatzeko bi txostenen bidez enpresa "ahalik eta azkarren" ixteko neurriak hartuko dituela salatu du sindikatuak. "Konpainia likidatzeko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu dute. Horrela, ekainean langileen erdia kaleratzeko asmoa dute lana erregulatzeko espediente baten bidez. Gainerako lanpostuak lana erregulatzeko bigarren txosten baten bidez deuseztatuko dituzte 2014ko abenduan, enpresa behin betiko itxiz".
Sei urtetan bertan lan egin dutenek baldintza "prekarioekin" egin dutela baieztatu du sindikatuak, eta baieztatu du balizko kaleratzeen aurrean inork ez duela erantzukizunik bere gain hartuko, "ezta bidezko konponbiderik eman ere".
EITBri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote, bakoitzak bere eskumenak erabilita, EITBren webgunean "kalitatezko zerbitzu profesionala bermatzeko" beharrezkoak izango diren baliabideak bideratzeko. "Horretarako, egiturazko lanpostuak beharrezkoak dira, baina enplegurik deuseztu gabe eta kalitatezko zerbitzua eskainiz, denon artean ordaintzen dugulako".