Azken urteetan behera egin du lan istripuen kopuruak, baina, iazko datuei begiratuz gero, egoerak okerrera egin izana salatu du gaur goizean LAB sindikatuak. 81 behargin hil ziren 2011. urtean, eta 2014. urtean, berriz, 39. Baina jarduera ekonomikoa hazten hasi zen joan den urtean, eta horrek istripuen gorakada eragin zuen. “Jarduera ekonomikoa bi puntu igo zen iaz, eta langileen heriotza tasa, berriz, bost puntu”, azaldu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Hain zuzen, 55 langile hil ziren iaz, eta egoera horren aurrean erakundeek ezer egin ez izana salatu du sindikatuak. Eta hori eskatu die, esku har dezatela: “Osalanek eta Nafarroako osasun institutuek iaz lan istripuen aurkako plan bat aurkeztu zuten, eta bistan da porrota izan dela. Baina ez dugu eskatzen plan horiek azaldu ditzaten, egungo egoeraren aurrean zer egingo duten baizik”.
Egoera horren erantzulea nor den badaki, ordea, Etxaidek: prekaritatea eta prebentziorik eza. “Patronalak badaki prebentzio gutxi dagoela, eta hala ere erreforma gehiago eskatzen ditu”. Bestetik, enpresariak ere jarri ditu erantzuleen artean, “badakitelako prekaritatea bultzatuta arriskua areagotzen dela”. Baina neurri garrantzitsuenak erakundeetatik iritsi beharko luketelakoan dago Etxaide, eta horretarako behar adina eskumen duten arren, Espainia mailako “neurrien kopia” egiten dutela dio. “Europa mailan erreferentzia kaskarrena dena hartzen dute erreferente bezala”. Eta patronalarekin jarrera zorrotzagoa izan dezatela ere eskatu du.
Hori guztia, egungo egoerak buelta eman dezan. Izan ere, urtarrilean bakarrik bost langile hil direla gogorarazi du sindikatuko ordezkariak, eta martxa horretan jarraituz gero “urte amaieran 80 inguru” izango direla ere aurreratu du. Datu horietan, gainera, etxeko langileak eta bere gain lan egiten dutenak ez dira kontuan hartzen. “Lehendik ere asaldagarriak diren datuak makillatu egiten dituzte horrela”.