LAB sindikatuko 30 kide inguru Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan egon dira gaur goizean. Metaleko negoziazio kolektiboa "guztiz blokeatuta" dagoela gogoratu nahi izan dute horrela. "Protesta honekin Jaurlaritzak bere garaian hartu zituen konpromisoak bete ez izana salatu nahi dugu", azaldu du Jonan Goñi sindikatuko ordezkariak. “Jaurlaritzak LABi hitze eman zion metaleko hitzarmenak bultzatuko zituela, baina irailaren hasieratik elkarrizketak blokeatuta daude, eta eurek ez dute ezer esan. Isiltasun hori salatu nahi dugu”. Horregatik, patronalari hartu duten bidearekin ados ez daudela esan diezaiela eskatu diote sindikatuko kideek Bilbon egin duten itxialdiarekin. Ez hori bakarrik, langileen negoziazio koletiborako eskubidea eta hitzarmenek gero eta premia gehiago dutela gogoratu nahi dute.
Hain zuzen ere, “benetako negoziaziorik” ez dagoela argudiatuta, LABek irailaren bukaeran jakinarazi zuen ez duela parte hartuko metalgintzako lan hitzarmenak berritzeko negoziazioetan. “Beste sektore batzuetan patronal berberak onartutako proposamenak jarri ditugu mahai gainean, baina ez dituzte negoziatu nahi izan, eurentzako herrialdetako hitzarmenak ez daukatelako garrantziarik”. Horregatik, Jaurlaritzari esku hartzeko eskaera egin dio berriz ere Goñik, eta ildo horretan jarraituko dutela ohartarazi.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenen indarraldia iazko uztailean amaitu zen, Espainiako lan merkatuaren erreformak ultraaktibitateari jarritako urtebeteko muga bete zenean. Akordiorik ezak eten egin zituen itun horiek berritzeko negoziazioak hainbat hilabetez, baina aurten berriro bildu dira negoziazio mahaiak. Akordiorako urratsik, ordea, ez dute egin. LABek salatu zuen «antzerki hutsa» dela.