Lan osasuna

LABen arabera, 2013an aurreko urtean baino hamar langile gutxiago hil ziren beharrean

79.581 lan istripu gertatu ziren epe horretan, eta 50 hilgarriak izan ziren.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko otsailaren 20a
14:25
Entzun

Sei minutuan behin lan istripu bat gertatzen da Hego Euskal Herrian, LAB sindikatuak adierazi duenez. Datu horri lagunduta eman dute istripu horiek eragindako kalteen jaitsiera: urtebetean hamar langile gutxiago hil dira bere lanpostuan izandako ezbehar baten ondorioz, eta 27 eritasun larri eta 1.295 arin gutxiago. Azken urteetako beheranzko joera berretsi dute datu horiek, baina, hala ere, Hegoaldeko lan baldintzek eta osasunak “ez dute hobera egin 2013. urtean”. “Jende gutxiagok lan egiten duenez, istripuen kopuru orokorra urritzen dela adierazi digute”, Ibon Zubiela lan osasuneko idazkariaren esanetan. Are gehiago, istripu gehien izan ohi den sektoreetan —eraikuntza eta industria— lanpostu gehiago deuseztatu direla gogorarazi du. Horregatik, lan baldintzak are gehiago kaskartzen ari direla ondorioztatu du sindikatuak.

Egoera okertzen ari dela salatzeaz gain, datu ofizialek errealitatearekin daukaten antzekotasun urria ere gogoratu du. “Datu ofizialetan ez dira agertzen norberaren konturako langileak, etxe zerbitzariak eta ekonomia beltzean dihardutenak”. Horregatik, erakunde publikoek egiten duten azpi erregistroa amaitzeko ere eskatu du sindikatuak. Baina zaila izango da, horretarako gero eta baliabide gutxiago bideratzen baitira. Zubielak esan duenez, lurralde zentro guztietan prebentzioan diharduten teknikarien kopuruan “galera” bat egon da. Esaterako, Barakaldoko lurralde zentroan azken urtean prebentzio teknikarien %28,5 galdu da.

Eta horrek osasun arloari eragiten dio. Hego Euskal Herrian lanaren ondorioz sortutako gaixotasun gehiago erregistratu ziren, 4.269 denera. 2012an baino 218 gehiago. Hala ere, oraindik gaixotasun profesional ugariri izaera arrunta ematen diotela gogorarazi du, eta Gizarte Segurantzak horien jarraipenik ez egitea salatu. Krisi ekonomikoak, gainera, gaixotasun berriak jarri ditu mahai gainean, sindikatuak “krisialdiaren sindromea” izenez aipatu duena. Horren arabera, langileen zalantzak gora egiten du, eta presio handiagoa jasan ohi dutelako antsietate eta depresio gehiago zenbatzen ari dira osasun zerbitzuak 2008. urtetik.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.