LABek daraman zenbaketaren arabera, lanean hildako 33. langilea da atzokoa. Urrian hil den lehen langilea da. Iraila hilabete ankerra izan zen lan istripuetan hildakoei dagokienez, guztira, bost langile hil baitziren: Beasainen, Karrantzan, Antzuolan, Tebas-Muru Artederretan eta Zaldibarren.
Atzo hildakoa Getariako Akarregi Txiki txakolindegian (Gipuzkoa) ari zen lanean. Ezbeharra 16:05ean gertatu zen, langilea mahatsa biltzeko lanak bukatzen ari zela. Upategiko arduradunek Efe agentziari esan diotenez, langilea gidatzen ari zen traktorea lubete batean behera erori eta irauli egin zen, eta langilea harrapatuta geratu zen.
Biktimaren anaiak bertatik bertara ikusi zuen istripua, eta berehala eman zien abisua beste lankideei. Traktorera iritsi zenerako berandu zen langilearen bizia salbatzeko. Biktima 37 urteko gizonezkoa da, sortzez Errumaniakoa, eta bost urte zeramatzan txakolindegian lanean.
"Ez dugu ulertzen zer gertatu zaion; agian zorabiatu egin da, edo antzeko zer edo zer", adierazi dio upategiko arduradun batek Eferi. Izan ere, traktorea irauli den lekua ez zen bereziki arriskutsua. San Prudentzio auzoan dago Akarregi Txiki upategia, eta, haien arduradunen arabera, lehen aldia da istripu bat izan dutela.