LABeko ordezkariekin elkartuta, horrenbestez, amaitu ditu Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sindikatuekin egindako bilerak. Iragarri bezala, sindikatu abertzaleak Lopezek proposatuako elkarrizketa mahaian ez duela parte hartuko esan du.
Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buruan, Javi Garnika, Garbiñe Aranburu eta Rafa Izquierdo LABeko exekutibako kideek ereparte hartu zuten Lehendakaritzan egindako bileran. 16:00etan hasi zen, eta ordu eta erdi inguru iraun zuen.
Behin amaituta, Jaurlaritzak bere jarrera «itxia» dela «argi» utzi duela esan zuen LABek, «bai egoeraren irakurketa egiteari dagokionez, eta bai egoerari aurre egiteko ekinbideari dagokionez». Elkarrizketa sozialaren helburua «gobernu ekimenei babes soziala emate hutsa» dela iritzi dio. Halere, hainbat gairen inguruan Jaurlaritzarekin harremana edukitzeko borondatea agertu du.
Erantzun gazi-gozoak
Sindikatuekin bilerak amaituta, erantzun gazi-gozoak izan ditu Lopezek, bi baiezko eta bi ezezko. Euskadiko-CCOO eta UGT-Euskadi elkarrizketa mahaian parte hartzeko prest azaldu dira. ELA eta LAB, berriz, ez.
UGTrekin hasi zuen erronda Lopezek, maiatzaren 25ean. Sindikatuak elkarrizketa soziala prozesu «egonkorra» izateko eskatu zion Lopezi. Handik bi egunetara,enpleguari, babes sozialari eta lan osasunari dagozkion neurriak lehenesteko eskatu zion Euskadiko CCOOk.
LABek atzo, eta ELAk herenegun berretsi zuen ezezkoa. «Jaurlaritzak esana du gutxiengoan dauden sindikatuekin edozer sinatzeko prest dagoela, eta hori ez dator bat joko arau demokratikoekin», adierazi zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak bileraren ondoren.
LABen ezezkoarekin, amaitu ditu Lopezek sindikatuekin egindako bilera errondak
Elkarrizketa mahaiak «gobernu ekimenei babes soziala ematea» du helburu, LABen iritziz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu