Sindikatuak

LABen kontra jarraitzea erabaki du CGTk, eta Parisko Kasazio Auzitegira joko du

Epeetan, LABi ez dio eragotziko enpresa txikietako hauteskundeetara aurkeztea. CGTren “zinezko helburuak” zein diren galdetu du sindikatu abertzaleak.

CGT sindikatuaren ekialdi bat, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko azaroaren 3a
16:41
Entzun

“Ezin sinetsia”; hitz horiekin laburbildu Eñaut Aramendi LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak CGT sindikatuaren jarrera. Urriaren 18an Bordeleko auzitegiak LABen aldeko jarrera hartu ondotik, sindikatu frantsesarekin zuten gatazka bukatua zela uste zuten. Ez da hala izanen. Bordeleko auzitegiaren erabakia Parisko Kasazio auzitegira eramatea erabaki du sindikatu frantsesak.

“Hauteskundeetara aurkezten ahalko gara, epeetan emaitza ondotik aterako delako, baina, inoiz gure kontrako erabakia hartuko balute —orain artekoa ikusita harrigarria litzateke—, hauteskundeak berriz egin beharra gerta liteke”, azaldu du Aramendik. Haren iritziz, argi gelditu da CGTren helburua ez dela juridikoa. Parisko zuzendaritzak barne mailan helarazi duen mezu batean, LABen hauteskunde zerrenda aipatu ordez, “LAB sindikatua ezabatzeko helegitea” idatzi dutela argitara eman du sindikatu abertzaleak. “Gu ezabatu nahi gaituzte, sindikatua ezabatu nahi dute, eta horretarako lehen urratsa gu ekonomikoki itotzea da; jadanik 15.000 euroko gastua izan dugu”, deitoratu du Aramendik.

Lau hilabeteko “jazarpenaren” ondotik, LABek dei egin die CGTko kideei: “Noiz arte segitu behar duzue halako jarrera duen sindikatu bat diruz laguntzen?”. Azaroaren 28tik aitzina izanen diren enpresa txikietako hauteskundeetan masiboki LABen aldeko boza ematera ere deitu dute. “LABek proiektu sindikal alternatibo bat eraiki du, eta ezein auzitegik ezta sindikatuk ere ez gaitu gure helburuetatik mugiaraziko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.