Sindikatuak

LABen kontrako bigarren helegitea ere atzera bota dute

Kasazio Auzitegiaren ondotik, Bordelekoak ere arrazoi eman dio LAB sindikatuari, eta baztertu egin du CGTk ezarritako bigarren helegitea, zeinak enpresa txikietako hauteskundeetara sindikatuak aurkeztu duen zerrendaren kontra egiten baitzuen.

LABi elkartasuna adierazteko egindako agerraldi bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
2016ko urriaren 18a
07:33
Entzun

“Espero dugu orain LABek bere kanpaina ongi eramaten ahalko duela eta jasan dugun eraso hau azkena izango dela”. Ohar labur batean jakinarazi du LAB sindikatuak Bordeleko Auzitegiaren ebazpena: “Arrazoi osoa eman digu”. CGT-k hirugarren helegite bat emateko aukera du, hala ere, LABek azpimarratu duenez; “denbora irabazteko eta guri energia gehiago galarazteko”. Ikustekoa da zer jarrera hartuko duen sindikatu frantsesak.

Orain dela hilabete batzuk hasi zen LAB eta CGT sindikatuen arteko gatazka. Sindikatu frantsesak helegitea jarri zion LABek enpresa txikietako hauteskundeetara aurkeztu duen zerrendari, euskararen erabilpena sustatzeagatik langile ez-euskaldunak “diskrimatzen” zituela ebatzita. Bordeleko Auzitegiak LABen kontra egin zuen abuztuan, baina Parisko Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen lehen erabakia.

Eragile politiko, sozial eta sindikal anitzek erakutsi diote babesa LAB sindikatuari, baita CGTko kide batzuek ere. CGTren Baionako batzordeak helegitearen kontrako mozio bat bozkatu zuen iraila hasieran. Bihar eta etzi, “askatasun sindikala” aldarrikatzeko mobilizazio egunak antolatuak ditu CGT-k Frantzia guzian. Egun horri erreferentzia egin dio gaur LABek: “Askatasun sindikala errespetatua izan dadin nahi dugu, eta langile bakoitzak nahi duen sindikatuarentzat bozkatzeko parada izanen duela espero dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.