Laboral Kutxa. Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak marka berria sortu dute, bien izenak eta izanak bateratzeko, bat egitea onartu eta hamar hilabetera. Gaur hartu dute erabakia egiten ari diren batzar nagusian, Gasteizko Buesa Arenan.
Laboral Kutxa Euskal Herriko bigarren finantza erakundea da, Kutxabanken atzetik: 24.400 milioi euro ditu aktiboetan, 1.300.000 milioi bezero (860.000 Hego Euskal Herrian), 2.126 lan-bazkide eta 421 bulego (lautik hiru baino gehiago Hego Euskal Herrian). Euskal Herritik kanpo bulegoak ditu Espainian. Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren bulego sareak osagarriak ziren, Euskadiko Kutxa batez ere Gipuzkoan errotuta baitzegoen, eta Ipar Kutxa Araban eta Bizkaian. "Pixkana-pixkana" aldatuko dituzte bulegoetako errotuluak, agiriak...
Kreditu kooperatiba izaten jarraitzen dute. Laboral Kutxako arduradunen esanetan, haiena "banka egiteko eredu alternatiboa" da, "kooperatibismoaren balio eta printzipioetan oinarritua", eta "inguruan aberastasuna eta enplegua sortzea" dute helburu.
Finantza erakunde sendoa da: %10,96eko kapital nagusia du (Espainiako Bankuak %9koa eskatzen die gutxienez); emandako maileguekiko gordailuen proportzioa %86,9koa da; eta %6,95eko berankortasuna du, Espainian sektoreak daukan %10,4aren azpitik. Fitch kalifikazio agentziak otsailaren 1ean berrikusi zuen Laboral Kutxaren kalifikazioa, eta BBB mailari eutsi zion, Kutxabanken eta Caixa Banken parekoa.
Azaroaren 1ean erakunde bakar gisa funtzionatzen hasi zenetik, bost hilabetean, 58,7 milioi euro irabazi ditu, horietatik 36,7 aurtengo lehen hiruhilekoan. 2013an 105 milioi euro irabaztea espero du. Iaz 528 milioi euro galdu zituen, egindako horniduren ondorioz.
Laboral Kutxak bete ditu Espainiako Gobernuak finantza sektoreari eskatutako hornidura guztiak: bat-egitea amaitu aurretik 987 milioi euro bideratu zituzten batez ere etxegintzarekin lotutako maileguetan izan ditzaketen galerak estaltzeko; aurten 222 milioi euroren hornidura generikoa ere egin du. Laboral Kutxak 30 milioi euro jarriko ditu Espainiako Gobernuaren Sareb banku txarrean.
Izen berriaz gain, irudi korporatibo berria ere onartu dute gaur. Izena osatzeko orduan Euskadiko Kutxaren gaztelaniazko izenaren oinarriari eutsi diote (Laboral), eta bi finantza erakundeen izaerari (Kutxa). Izena osatzeko, baina, izen korporatiboari erreferentzia bat gehitu diote: Banka kooperatiboa. Logotipoak bi kreditu kooperatiben jatorrizko kolore bereizgarriak ditu, Euskadiko Kutxaren fuxia eta Ipar Kutxaren berdea. Bi koloreek bat egiten duten zatia morea da.
Iaz abiatutako prozesua
Bi finantza erakundeak iazko martxoaren 20an hasi ziren elkarrekin “formalki” hitz egiten, “elkar ezagutzen”; uztailaren 1ean onartu zuten bat egitea; eta azaroan hasi ziren erakunde bakar baten gisa funtzionatzen. Euskadiko Kutxarekin bat egin aurretik, Ipar Kutxak mugimenduak egin zituen beste finantza erakunderen batekin elkartzeko. Aurrena Espainiako rural kutxa batzuekin bateratze hotza egitea planteatu zuen (Solventia), baina proiektuak baztertu egin zuen. Gero Bankoarekin bat egiten saiatu zen, 2011n. Aurreakordioa ere lortu zuen maiatzean; urrian, ordea, Credite Agricolek —Bankoaren jabea— prozesua bertan behera utzi zuen.
Laboral Kutxako langileak langile eta bazkide dira. Euskadiko Kutxaren kasuan bazkide gehienak langileak ziren; Ipar Kutxan ez. Ipar Kutxako langileei erraztu egin diete finantza erakunde berriko bazkide izatea, eta bi erakundeetako bazkideen eskubideak eta betebeharrak parekatu egin dituzte.
Batzar orokorrak iraun duen bitartean, Buesa Arenaren kanpoan protesta egin dute Euskadiko Kutxaren bitartez Eroskiren eta Fagorren ekarpenak erosi zituzten hainbat herritarrek.