2014ko lehen hiruhilekoan hasitako bideetik jarraitu du Laboral Kutxak bigarrenean emaitzei begira, irabazi argiekin: zerga ondorengo 59,79 milioi euroko mozkinak lortu ditu, nahiz eta interes tasa txikiek eragin handia dutela onartu. "Seihileko honetan interes tasak oso txikiak izan dira, eta negozio bolumenek behera egin dute, oro har", azaldu du Laboralak. "Horrek nabarmen eragin dio mozkinen sorkuntzari. Testuinguru horretan, balantze orekatua du kreditu kooperatibak, kapitalizazio maila handia, kreditu zorroaren hornikuntza maila ona, eta, gainera, berankortasun ratioaren jaitsiera izan du".
Arriskuen estaldura "sendoak" dituela dio Mondragon taldeko kreditu koopeatibak, eta horrek agerian uzten duela Laboral Kutxaren "aktiboen kalitatea". Berankortasun indizeak, izan ere, puntu erdi baino gehiago egin du behera sei hilabete hauetan, eta %9tik gertu dago (%9,04). Sektoreko batez bestekoa baino nabarmen txikiagoa da berankortasuna, 2014ko maiatzean %13,52 baitzen.
Iazko emaitza positiboak izan ziren, eta aurrezkien bilakaera "positiboa" da 2014ko epe honetan ere. Bezeroei lotutako baliabideak %3,9 handitu dira, eta bezeroen kreditu totalaren saldoak gutxituz doaz. Dena den, kreditu berri gehiago egiten ari dira azken hilabete hauetan Laboral Kutxaren bulegoetan; "gorakada nabaritzen da aurreko urtearen aldean". Horiek horrela, enpresen finantzaketak gora egin du, %4 hobetuta 2013ko lehen seihilekoaren aldean.
"Errentagarritasun egokia"
Laboral Kutxak dio errentagarritasun "egokiari eutsi" diola, eta 192,10 milioi euroko interes marjina eskuratu duela sei hilabeteotan. Komisioek, dibidenduek eta beste finantza eragiketa batzuek ekarritako sarrerak gehitu behar zaizkio kopuru horri. Guztira, 269,17 milioi euroko marjina gordina ekarri dio kreditu kooperatibari.
Gastuari eusteko ahaleginari dagokionez, administrazio gastuak 122,38 milioi euro izan dira. Guztira 67,74ko zuzkidurak, saneamenduak eta narriadurak zenbatu ostean, zerga aurreko emaitza bateratua 68,62 milioi euro da, 2013ko lehen seihilekokoa baino %18,70 hobea.