EkoNOMIA

Laborantza Ganberari babesa agertu diote hainbat eta hainbat eragile ezagunek

"Iparraldearentzat ez ezik Euskal Herri osoarentzat ezinbesteko eta oinarrizko den lana geldiarazi nahi du Frantziako Estatuak", esan dute gaurko agerraldian. Prokuradoreak Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako lehendakaria hilaren 29rako deitua du.

2009ko urtarrilaren 15a
14:19
Entzun
Hilaren 29tik egingo dute Laborantza Ganberaren aurkako epaiketa, Baionan, ordurako deitu baitu prokuradoreak, Frantziako Estatuaren izenean, Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako lehendakaria Lapurdiko hiriburuko auzitegira, eta gaur Euskal Herriko hainbat era hainbat eragilek babesa agertu diote erakunde horri.

"Auzibidea irekiz, mehatxu eginez, Iparraldearentzat ez ezik Euskal Herri osoarentzat ezinbesteko eta oinarrizko den lana geldiarazi nahi da, lan hori inoiz baino beharrezkoagoa denean!", esan dute eragileek, agirian.

Haien ustez, Frantziako Estatua "oztopoak" jartzen ari da Laborantza Ganberaren lanean, baina hau bidea egiten ari da.

Donostian egin dute agerraldia, eta 139 lagunek sinatu dute idatzia. Besteak beste: Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Maite Aristegi EHNEko idazkari nagusi ohiak, Estitxu Ugarte Hiruko kideak, Antton Lafont Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeko lehendakari izandakoak, Lore Erriondo UEUko zuzendariak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Mariano Ferrer kazetariak, Bernardo Atxaga, Joan Mari Torrealdai eta Pako Aristi idazleek, Ramon Zallo, Iñaki Antiguedad, Josu Amezaga eta Iñaki Barcena EHUko irakasleek, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek, Fermin Muguruza eta Benito Lertxundi abeslariek, Jonan Fernandez Baketik-eko arduradunak, eta Karlos Argiñano eta Juan Mari Arzak sukaldariek.

"Iparraldeko laborantza berpiztu eta biziberritzeko nahiak erein zuen Euskal Herriko Laborantza Ganberaren hazia, duela hamahiru urte, Iparraldeko laborantzak behar duen egitura ofiziala aldarrikatzeko eta laborantza iraunkorraren alde lan egiteko".

Hilaren 29an Baionako Auzitegi atarian egingo den mobilizaziora azaltzeko dei egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.