Lehen sektore jasangarriago bat galdegin dute Iruñean

Makroetxaldeen eredua baztertzeko eskatu dute manifestazio batean. Elikadura burujabetza aldarrikatu dute, ekoizleei eta erosleei prezio duinak bermatzeko.

NEKAZARITZA
Larunbat arratsalde honetan Iruñean egindako manifestazioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 27a
19:30
Entzun

«Beste nekazaritza eredu bat» aldarrikatu dute Iruñeko kaleetan. Larunbat arratsalde honetan manifestazioa egin dute, «agroindustriaren, makroetxaldeen eta lur jabe handien ekoizpen ereduaren aurka» eta nekazaritza jasangarriago baten alde, «elikadura subiranotasunean» oinarritutakoa.

«Trantsizio agroekologikoa premiaz behar dugu, Nafarroan elikadura burujabetza lortzeko, azken urteetan eta hamarkadetan abeltzaintza eta nekazaritza industriala eta intentsiboa neurriz gain eta modu esponentzialean handitzen ari baita», adierazi du Miriam Otxotorena Iturgoiengo artzainak, deitzaileen izenean.

«Azken urteetan abeltzaintza eta nekazaritza industriala eta intentsiboa neurriz gain eta modu esponentzialean handitzen ari Nafarroan».

MIRIAM OTXOTORENA Artzaina

Nafarroako ekoizle txikien hamabi elkartek antolatu dute martxa: AEN Alimentos Ecologicos de Navarra, Baztango Zaporeak, Belardi, Biba Ardoak, Bizilur, EHKOlektiboa, Ekoalde, Etxalde, Grupo Biodinamico Nafarroa, Habelarte, Hazialdeko eta Plazara taldeek. Eta beste hainbaten babesa jaso dute: besteak beste, kontsumitzaile taldeak, sindikatuak, talde ekologistak, ekonomia sozialeko elkarteak, feministak eta bestelakoak.

Eskaera zehatzak

Azaldu dutenez, azken urteotan Nafarroan ehunka nekazari txikik ekoizteari utzi diote, eta, haien ordez, ekoizpen eredu industrialago bat zabaltzen ari da. «Neurri txikiko edo neurri ertaineko nekazaritza eredu bat» galdegin dute, «justua, dibertsifikatua, agroekologikoa, tokiko kontsumoari eta merkaturatzeari lotua». Deitzaileen ustez, hori da ekoizleei eta erosleei prezio duinak bermatzeko eta ingurumena babesteko biderik eraginkorrena.

Eskaera zehatz hauek ere egin dizkiete administrazioei: nekazaritza lurrak energia berriztagarrien edo meatzeen makroproiektuen aurrean babestea; abeltzaintza industrialeko ustiategi berriak debekatzea, daudenak ez handitzea eta 2030erako egun daudenak %50 murriztea; pestiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera %50 murriztea; eta nekazaritza lurren %25 ekoizpen ekologiko bihurtzea.

Horrez gain, burokrazia gutxitzeko, diru laguntzak ekoizle txikiei ere emateko, eta kontsumo eta banaketa sistemak aldatzeko eskatu dute. «Ekoizle txikiok arazo ugari ditugu gure salmentak egiteko eta denda txikietara iritsi ahal izateko», azpimarratu du Otxotorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.