Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak lehen sektorearentzat iragarritako neurriekin ez dago ados ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna. «Laborantza ez bada produkzioen erregulazioari buruz bideratzen, krisitik ateratzeko milioiak ematea edalontzi zulodun bat betetzea bezalakoa da», esan du. Sindikatuak laborantza politikak eskatu dizkio presidenteari.
Herenegun, 1.650 milioi euroko plana iragarri zuen Sarkozyk, sektoreari laguntzeko. Horietatik 650 lehen premiazko gastuetarako izango zirela zehaztu zuen, eta gainerako 1.000 milioiak %1,5eko interes tasako maileguetan emango zituela. Nekazari gazteen kasuan %1ekoak izango dira interesak.
ELBren iritziz, Frantziako Gobernuak orain artean iragarritako neurriek krisia kudeatzeko soilik balio dute. «Behin-behineko neurriak dira, gure laborari bizimodua uzten lagunduko gaituen dirua». Laborantza liberalizatzearen gastu soziala «izugarria» dela ohartarazi du, eta neurriz kanpoko laguntzak beharko direla ondorioak ordaintzeko.
Mugetako zainketa eta merkatuaren erregulazioa ere proposatu ditu Sarkozyk. «Nahiz eta beharrezkoak diren, ez dira Frantziako ahaletan, beste estatuekin negoziatzeko baizik. Europako Batasuneko lehendakaritza duela urtebete utzi zuen Frantziak. Orduan ez zuen ezer egin, nola sinetsi gaur bide horretan engaiatuko dela», galdetu du sindikatuak. Sarkozyren «helburu bakarra» laborarien botoak eskuratzea dela dio.
Frantziak ez ezik, Europako Batasunak ere diru laguntzak iragarri ditu lehen sektorerako. Estatuei baimena eman die 15.000 euro arteko laguntzak emateko nekazariei. Kopuru horri 2008tik aurrera etxalde bakoitzak minimis deitutako laguntzetan jasotakoa kendu beharko zaio. Orain artean, 7.500 euroan zegoen gehienezko muga. Mariann Fischer Boel Nekazaritza komisarioak esan duenez, likidezia arazoak murriztea da laguntza berriaren helburua, eta 2010. urte amaierara arte izango da indarrean.
Prezioen bilakaera ezberdina
Bestelako laguntza batzuk ere proposatu ditu Bruselak. Nekazari, industria eta supermerkatuen artean izaten diren kontratu «bidegabeak» debekatzea eta beharrezkoa denean haiek zigortzea nahi du. Ez dago gustura elikagaien hornidura ekonomikoarekin. «Lehengaiak nabarmen merkatu dira, baina hori ez da igartzen kontsumo prezioetan», azaldu du Fischer Boelek. Esnea jarri du adibidetzat.
Eta prezioen gardentasuna hobetzeko Interneten webgune bat jarri du martxan. Oraingoz lehen bertsioa soilik dago prest, eta han estatu bakoitzeko elikagaien prezioen indizeak ageri dira, hiruhilabeteka konparazioa eginez.
Tresna berria «aurrerapauso handia» dela esan du Joaquin Almunia Ekonomia gaietarako Europako komisarioak. «Oso garrantzitsua da elikadura horniduran partehartzen duten guztiek, kontsumitzaileek eta politikariek, prezioen gardentasuna hobetzea, katearen fase guztietan gainera». Era berean, lehiari dagozkion kontuen eboluzioa gertutik aztertuko duela adierazi du Europako Batzordeak.
Laborantza politikarik ezean milioiak ematea alferrik dela dio ELBk
Nicolas Sarkozyk proposatutako 1.650 milioi euroko planak krisia kudeatzeko soilik balioa duela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu