Laborantza sektorea, zenbakitan

Euskal Herri osoko laborantza zentsuak batu, eta azken 20 urteotan sektoreak izan duen bilakaera estatistikoa islatzen duen txostena kaleratu du berri du Gaindegiak . ENEKO KARRERA Gipuzkoako EHNEko lehendakaria

2006ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Geografia eta klima lagun, laborantzak garrantzi handia izan du beti Euskal Herrian. Eta zer esanik ez Euskal Herriaren garapen ekonomikoan. Orain urte batzuk, lehen sektoreko jarduerak ziren euskal herritar gehienen bizimodua. Artean, laborantza.Denboraren joanean, gauzak dezente aldatu dira. Industria garatzeak, gizartearen beharrak eta ohiturak aldatzeak eta beste ehunka faktorek eragin nabarmena izan dute euskal gizartean. Baita Euskal Herriko egitura ekonomikoan ere. Baina, oraindik ere, zaila egiten da laborantzarik gabeko Euskal Herri bat irudikatzea.

Gaur arte, ordea, ezinezkoa zen datu zehatzik izatea. Inon ez zeuden jasota Euskal Herri osoko laborantza sektorearen egoera islatzen duten datu errealak: ustiategi kopurua eta haien tamaina, nola banatzen diren herrialdeka, zenbatekoa den nekazaritzarako azalera erabilgarria, nolakoa den ustiategietako makineria...

Hain zuzen, hutsune hori betetze aldera,Euskal Herriko laborantza zentsuen bateratzea. Azterketa estatistikoa, 2006 izeneko txostena egin berri du Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak.Eta atzo arratsaldean bertan aurkeztu zuten Iruñean, Amaia Elizagarate Gaindegiako estatistika arduradunaren zuzendaritzapean egindako lana.

Zazpi herrialdeetako datuak biltzen ditu txostenak, baina, ez soilik gaur egungoak. Azken 20 urteotan Euskal Herrian laborantzak izan duen bilakaera islatzeko helburuarekin, 1975eko, 1991ko eta 2001eko zentsuak hartu dituzte kontuan. Daturik gehienak udalerri mailakoak dira.

Bost atal nagusitan banatu dute txostena. Lehenengo atalean, Euskal Herriari buruzko zenbait datu jaso dituzte, batez ere, biztanleria orokorraren eta zentsuaren arabera lehen sektorean enplegatutako biztanleriaren ingurukoak. Ondorengo datuak testuinguru egokian kokatzea dute helburu.

Bigarren atalean, Euskal Herriko laborantzaren egoera orokorra zein den azaldu dute. Horretarako, ustiategi kopurua, nekazaritzarako azalera erabilgarria, ustiategien tamaina, edukitze erregimena eta makinariari buruzko hainbat datu bildu dituzte.

Hirugarren atalean, berriz, nekazal lurren aprobetxamenduari buruzko datuak jaso dituzte; zehazki, landutako lurren eta larre iraunkorretarako lurren ingurukoak.

Laugarren atalen, aziendei buruz hitz egiten dute. Behi-azienden, ardi-azienden, ahuntz-azienden, txerri-azienden, zaldi-azienden eta hegaztien inguruko datuak erabili dituzte horretarako.

Eta azkenik, bosgarren atalean, ustiategietako lan egoera islatu nahi izan dute, ustiategiko nagusien adin banaketa, urteko lan unitateak eta ustiategi indibidualen kopuruari buruzko datuak emanaz.

Txostena, ordea, azterketa estatistikoa besterik ez da. Administrazioek ofizialki jasota dituzten datuen bilduma, alegia. Eta ezin dira ahaztu, nekazaritza zentsuak osatzerakoan kontuan izan dituzten irizpideak zein diren. Behin zenbakiak eskuartean, norberak atera beharko ditu bere ondorioak.

eneko karrera Gipuzkoako EHNEko lehendakaria

«Egoerari buelta ematen hasteko, primerako abiapuntua da txostena»

Aitziber arzallus

Donostia

Eneko Karrerak Gaindegiak egindako txostena inork baino lehenago irakurtzeko aukera izan du. Orain, ondorioak atera eta egoerari buelta nola eman pentsatzeko garaia dela dio.

Zer iruditu zaizu lana?Euskal Herri osoko datuak horrelako lan batean biltzea behar-beharrezkoa zela uste dut. Kontuan izan behar dugu, ordea, datuak nekazaritza zentsuetatik ateratakoak direla. Eta zentsuak nola eginda dauden ikusita, aurrera begira, txostenak jasotzen dituen datuak gehiago landu beharko ditugu.

Zer esan nahi duzu, datuak benetakoak izan arren, ez dutela errealitatea islatzen?Kasu batzuetan ez behintzat. Adibidez: txostenak dio herrialde batzuetan nekazari kopurua handitzen ari dela. Baina hori ez da egia. Gauza da, zentsuarentzat nekazaria dela hektarea erdi bateko pinudi baten jabea, nahiz eta pinudi hori bere aitonak oinordetzan utzitakoa izan. Guretzat, ordea, ez dira berdinak nekazari izatea eta lurjabe edo bi behorren jabe izatea. Aitzitik, txostenak jasotzen dituen beste hainbat datu oso errealak eta adierazgarriak dira; esaterako, nekazarien adinaren ingurukoak. Lapurdin eta Nafarroa Beherean nekazaritza gaztetzen ari den bitartean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko nekazari gehienek 55 urtetik gora dituzte. Eta hori oso datu kezkagarria da, hemendik urte batzuetara herrialde horietan nekazaritza kolokan egongo dela esan nahi baitute.

Ziurrenik, lehendik ere izango zenuten horren berri. Baina orain datu horiek guztiak txosten batean bilduta egonda, administrazioen aurrean sinesgarritasun handiagoa izango duzuela uste al duzu?Bai, noski. Azken batean, hori da lan honen helburua, guretzako tresna erabilgarria izatea. Dituen hutsuneak dituela ere, badakizkigu arrazoiak, eta egunerokotasunean asko lagunduko digula uste dut. Guk ez dugu nekazaririk gabeko Euskal Herririk ulertzen. Beraz, sektorearen argazki honetatik abiatuta, egoerari buelta nola eman asmatu beharko dugu. Noski, azterketa gehiago egiten jarraitu beharko dugu, besteak beste, sektorea sozioekonomikoki nola dagoen jakiteko. Eta txosten hau primerako abiapuntua dugu.

EusKaL HerrIKo LaBoranTza ZenTsuen BaTeraTzea. AzTerKeTa EsTaTIsTIKoa, 2006.

Testuinguruan kokatzekoEuropako batez bestekoaren azpitik. 2001. urtean, Euskal Herrian 36.326 lagun ari ziren laborantzan lanean; biztanleria okupatuaren %3 besterik ez. Aldiz, Europako Batasuna osatzen duten 25 herrialdeetan, batez beste, biztanleria okupatuaren %5,3k laborantzan lan egiten zuten .

Azken urteetako joerari erreparatuz, okupatuen artean lehen sektoreak gero eta pisu erlatibo txikiagoa duela ikusten da. Izan ere, 1975. urtean Euskal Herriko biztanle okupatuen %8,3 ari ziren lehen sektorean, eta 2001. urtean, soilik %3.

Nafarroa Beherean pisu handiena. Lehen sektorean enplegatutakoek Nafarroa Beherean (%26,3) eta Zuberoan (%21,5) dute pisu handiena, alde nabarmenarekin. Pisu txikiena, berriz, kostaldeko hiru herrialdeetan: Bizkaian (enplegatuen %1,7), Gipuzkoan (%1,8) eta Lapurdin (%2,4). Araban, biztanleria enplegatuaren %3,1 ari dira lanean lehen sektorean, eta Nafarroan enplegatuen %5,4.

Nafarroan abeltzain gehien. Lehen sektorean ari diren langileak herrialdeka nola banatzen diren aztertuz gero, nekazaritzan enplegatutako biztanle gehienak Nafarroan bizi direla ikus daiteke, hangoak baitira lehen sektorean ari direnen %36,2. Atzetik datoz gainerakoak, hurrenkera honetan: Bizkaia (%20,6), Gipuzkoa (%14,8), Araba (%10,9), Nafarroa Beherea (%8,4), Lapurdi (%5,5) eta Zuberoa (%3,6).

Ezaugarri nagusiakUstiategi gutxiago, baina handiagoak. Euskal Herriko zentsuen bateraketaren emaitzek geroz eta ustiategi gutxiago dagoela adierazten dute, eta baita horiek geroz eta handiagoak direla ere.

1999. urtean, 71.699 nekazaritza ustiategi zeuden Euskal Herrian; 1982. urtean baino %22,6 gutxiago. Era berean, nekazaritzarako azalera erabilgarria 1.010.876 hektareakoa zen; 1982. urtean baino %19,2 handiagoa.

Egungo ustiategien batez besteko tamaina 14,1 hektareakoa bada (nekazaritzarakoerabilgarria den azalera kontuan hartuta), eta 1982. urtean 9,2 hektareakoa bazen, %54,1 handitu da ustiategi bakoitzaren batez besteko azalera.

Joera bera Euskal Herri osoan. Zazpi herrialdeetan ildo beretik doa laborantza ereduaren bilakaera, abiadura desberdinetan, ordea. Datuek iradokitzen dutenez, bederen, Nafarroa mutur batean, eta Gipuzkoa bestean daude. Izan ere, Nafarroan ustiategien kopurua inon baino gehiago jaitsi da (%40,3) eta, aldi berean, beste herrialdeetan baino askoz gehiago handitu da ustiategiek nekazaritzarako duten eremu erabilgarriaren batez bestekoa (%94,9). Gipuzkoan, berriz, ustiategien kopurua apur bat handitu egin da (%5,3). Aldiz, ustiategi bakoitza nekazaritzarako duen eremu erabilgarriaren batez bestekoa herrialde horretan handitu da gutxien (%28,2).

Europan ere bide beretik. Joera hori, Euskal Herrian ez ezik, Europako Batasunean ere ikusten da. 1989tik eta 1999ra artean, herrialde guztietan txikitu da ustiategien kopurua, baina guztietan handitu da ustiategi bakoitzak nekazaritzarako duen azalera erabilgarria. Beraz, Europako Batasunean ustiategi handiak nagusitzen ari dira, txikien kaltean.

Lurren aprobetxamenduaGehienak, larre iraunkorrak. Euskal Herrian, 473.211 hektarea hartzen dituzte landutako lurrek, nekazaritzarako eremu erabilgarriaren ia erdia (%46,8). Beraz, gainerakoa, 536.888 hektarea, hain justu, larre iraunkorretarako lurrek hartzen dute (%53,1).

Baina, aztertutako 17 urteko epean, landutako lurrek hartzen duten eremua %3,4 handitu da. 1982. urtean 457.540hektarea ziren, eta 1999. urtean, 473.2111 hektarea.

Dena den, askoz igoera handiagoa izan du larre iraunkorretarako lurren kopuruak, 1982. urtean baino %42,1 gehiago baitira egun.

Landutako lurren proportzioa txikitu egin da. Datuak bestela irakurrita, nekazaritzarako eremu erabilgarria handitu izanaren %91, larre iraunkorretarako lurren hazkundearen eraginez izan da. Eta soilik %9 landutako lurren hektarea kopurua handitzearen eraginez.

Ondorioz, landutako lurrek nekazaritzarako eremu erabilgarriaren aldean duten proportzioa txikitu egin da. 1982. urtean, nekazaritzarako eremu erabilgarriaren %54,8 landutako lurrak ziren, eta gainerako %45,2 larre iraunkorretarako lurrak. 1999. urtean, berriz, %46,8 baino ez ziren landutako lurrak, eta %53,1 larre iraunkorretarakoak.

Herrialdeka, bilakaera desberdina. Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan landutako lurrek hartzen duten hektarea kopurua txikitu egin da, larre iraunkorretarako lurrena handitzen joan den bitartean. Lapurdin eta Nafarroa Beherean, berriz, justu kontrakoa gertatu da.

Bizkaian eta Gipuzkoan, nekazaritzarako eremu erabilgarriaren %90 baino gehiago larre iraunkorretarako lurrek hartzen dute. Hortaz, hamarretik bat baino gutxiago dira landuta kolurrak.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, nekazaritzarako eremu erabilgarriaren herena landutako lurrek hartzen dute, eta gainerakoa, larre iraunkorretarakoek. Araban eta Nafarroan, nekazaritzarako eremu erabilgarriaren erdia baino gehiago landutako lurrak dira.

Aziendak1982an baino abere-buru gehiago. Hogei urteotan, hegaztiena izan ezik (%25 gutxiago), gainerako abelburu guztien kopurua handitu da: behi aziendena, %24,5; ardi aziendena, %53,2; ahuntzaziendena, %30,8; txerri aziendena, %44,5; eta zaldi aziendena, %7,9.

1999.urtean, 419.880 behi azienda zeuden; 1.336.854 ardi ama; 43.272 ahuntz azienda; 584.065 txerri azienda; 36.651 zaldi azienda; eta 5.207.226 hegazti.

Herrialdez herrialde, Zuberoako eta Nafarroa Behereko ustiategietan, behiaziendak, ardi amak, zaldi aziendak eta hegaztiak dira nagusi. Aldiz, ahuntz azienda gehienak Bizkaiko eta Gipuzkoako ustiategietan daude, eta txerri aziendak Nafarroa Behereko eta Arabako ustiategietan. Oro har, abeltzaintzari dagokionez, Nafarroakoak dira ustiategi handienak, eta abelburuen batez besteko kopuru handiena ere haietan dago.

Ustiategien nagusien ezaugarriakGehienek, 55tik gora urte. Nekazaritzako erroldaren arabera, ustiategien nagusien erdiek baino gehiagok (%57,2) 55 urtetik gora dituzte. Gazteak, berriz, hau da, 40 urtetik beherakoak, %13 baino ez dira.

Gazte gehien, Nafarroa Beherean. Aldeakhandiak dira herrialde batetik bestera. Nafarroa Beherean, ustiategien nagusien %35,1ek 40 urte baino gutxiago dituzte, eta Zuberoan, %32k. Are gehiago, ustiategien nagusien %80k 55 urte baino gutxiago dituzte. Aldiz, Bizkaian eta Gipuzkoan daude nagusirik zaharrenak. Bizkaian, %66,3k 55 urte edo gehiago dituzte, eta Gipuzkoan %60,1ek. 40 urte baino gutxiago ,berriz, Bizkaiko nagusien %7,9k, eta Gipuzkoakoen%10,7k dituzte.

Familiakoen lana, gain behera. Ustiategietan urteko lan unitateak galtzen ari dira, eta batez ere familiakoen lana da gain behera doana. 1999. urtean 52.059 ziren urteko lan unitateak, 1982an baino %23,4 gutxiago. Eta horietatik %84,4 familiakoak ziren. Familiako urteko lan unitateak %29 jaitsi ziren 1982tik 1999ra, 61.873tik 43.949ra, hain zuzen. Aldiz, soldatapekoek %33,6 egin dute gora, 1982an 6.050, eta 1999an 8.080 baitziren. Euskal Herriko urteko lan unitate gehienak, %31,6 zehazki.

Geroz eta ustiategi indibidual gutxiago. Euskal Herriko ustiategien %93,9 ustiategi indibidualak dira (67.340), hau da, titularra pertsona fisiko bat da. Dena den, 1982tik 1999ra murriztu egin dira. Herrialde gehienetan %90tik gora dabil ustiategi indibidualen portzentajea. Araban eta Nafarroa Beherean, ordea, hurrenez hurren, %82,3 eta %88,1 dira ustiategi indibidualak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.