Laborarientzako NPB diru laguntzaren banaketa «bidegabea» salatu dute ELBk eta BLEk

Baionako suprefetarekin bildu dira, goizean, Ipar Euskal Herriko laborantza eragileak. NPBaren banaketak, bereziki, laborantza biologikoan ari diren laborariak kaltetuko dituela salatu dute.

ELBko eta BLEko laborariak Baionako suprefeturan bildu dira, goizean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko ekainaren 2a
15:25
Entzun

«Azken 30 urteetan NPB diru laguntzen banaketa bidegabeagatik laborarien bi herena desagertu da». Hori da ELB sindikatuak eta BLE Biharko Lurraren Elkarteak goiz honetan salatu dutena. 100 bat lagun bildu dira Baionako suprefeturaren aitzinean, NPB Nekazaritza Politika Bateratua diru laguntzaren bidezko banaketa aldarrikatzeko. Izan ere, Frantziako Laborantza ministerioak banatzen ditu laguntza horiek, baina laborariek uste dute modu bidegabean banatzen direla. Aurten, NPB laguntzen erreforma egin nahi du Frantziako Gobernuak, banaketa sistema berrikusteko. Negoziazio prozesua abiatua den honetan, ELBko eta BLEko laborariek deitoratu dute aldaketak ez direla «zentzu onean» egiten ari. «Laguntza horiek eginak dira lur eta kabala gehien dituztenak laguntzeko. Laborari txikiagoak ateratzen dira galtzaile», azaldu du ELBko bozeramaile Panpi Sainte Mariek.

NPB diru laguntza laborarien hektarea kopuruaren eta kabala kopuruaren araberakoa da, ez du kontuan hartzen produkzio maila. Sainte Mariek uste du horrek laborantza industrialari ematen diola abantaila. Ondorioak zuzenak dira haren ustez: «Horrela segituz etxaldeak hustuko dira, herriak hustuko dira. Egin ahala laborari atxiki behar ditugu, beraz behar dira laguntzak zuzenki bideratu. Diru aski bada, baina ez da ontsa banatzen, handienek biltzen dute gehiengoa».

Laborantza biologikoa, kaltetua

Bestalde, NPB diru laguntzaren banaketak, bereziki, laborantza biologikoa «kaltetzen» duela diote. BLEko bozeramailea da Laura Daniel laboraria; haserre mintzatu da: «NPBaren lehen negoziazioak behatuz gero, ohartzen gara laborari biologikoek %60 gutxiago jasoko dutela». Haren ustez, laborantza biologikoaren garapena zalantzan jartzen du horrek. «Biologikora pasatzea urrats handia da gastuak badirelako; beraz, laguntzarik gabe ezinezkoa da. Alta, badakigu klima aldaketarekin desafio inportante bat dela». Horrez gain, salatu dute NPB diru laguntzak arrunt kanpo uzten dituela baratzezainak, erlezainak eta arbolazainak, besteak beste. Horren irudikatzeko, ekintza bat egin dute goizeko elkarretaratzean: etxeko mozkinak banatu ondotik, suprefeturaren aitzinean utzi dituzte, tokiko mozkinak «desagertzeko arriskuan» direla salatzeko.

Sainte Marieren ustez, oraindik «garaiz» da negoziazio prozesuan pisua izateko. Horregatik, Baionako Philippe Le Moing-Surzur suprefetarekin bildu dira, goizean. «Espero dugu Julien Denormandie Frantziako Laborantza ministroari gure kezkak eta gure haserreak helaraziko dizkiola», erran du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.