Laboreen prezioa inoiz baino garestiagoa da, laborantza ekoizpenen merkatua erabat arautu gabea delako, ELB sindikatuaren ustetan. Munduko liberalizazio horren ondorioak tokian-tokiansentitzen dira, eta, gaurko egunean, «Euskal Herriko kasik etxalde guztiek dituzte zailtasunak», Peio Elizetxe ELBko kideak atzo azaldu zuenez.
Alarma gorria piztu zuen laborarien sindikatuak, atzo, Baionan egin prentsaurrekoan. Egoeraren berri emanen diete ondoko asteetan Euskal Herriko parlamentariei. Frantziako Confederation Paysanne sindikatuarekin dituzten harremanen bitartez, Stephane Le Foll Laborantza ministroarekin ere bilduko dira. «Gaur egungo krisia ez da halabeharra, erabaki politiko batzuei eta interes ekonomikoei lotua da», Mixel Berhokoirigoin sindikalistak azaldu zuenez. Mezu bera helaraziko diete Frantziako Gobernuko hautetsiei.
Uztail hasieraz geroz, %23 emendatu da artoaren prezioa;gaur egun, 250 eurotan da tona, eta, arto egilearen kostuak estaltzeko, nahikoa litzateke 150 eurotan saltzea. «Laborantzako ekoizpenek Munduko Merkataritza Erakundetik (MME) atera behar dute berehala», Beñat Etxeto ELBko kidearen hitzetan.
Merkatu librea izanki, joera espekulatzaileak garatuz doaz, eta hori ere bada krisiaren arrazoietariko bat, sindikatuaren arabera. Gaur egun, burtsan trukaturiko laboreen kantitatea benetan ekoitziriko kantitatea baino sei aldiz handiagoa da. Fikzioko merkatu horrek benetako merkatuko prezioak finkatzea «ezin onartuzkoa» dela salatu zuten, eta logika hori berehala gelditzea exijitu.
«Elikagai burujabetasunaren printzipioa defenditzen dabil hastapenetik ELB, justuki, jendearen beharrak finantzarenak baino lehenago kokatzen dituelako; baita laborantza babesteko eta laborariak mantentzeko tresnak ematen dizkielako ere estatuei», Etxetoren hitzetan.
Horrez gain, berehalako diru laguntzak ezinbestekotzat jo zituzten. Hori segurtatzeko, 25 hektarea baino gehiago dauzkaten labore ekoizleei banatu laguntzetan zati bat hartzea proposatu zuten. «Bestela, laborari batzuek ez dute lortuko segitzea, ez dira helduko hurrengo urtera». Argi utzi zuten, hala ere, ez dutela labore ekoizleen aurka jo nahi, baizik eta «laborantzari zuzenduriko diruaren banaketa on bat» nahi dutela.
Luzera begiratuta, 2013tik aitzina indarrean egonen den Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreformari so dira ELBko kideak. Merkatuaren «benetako erregulazioaren»planteamendua eskatzen dute. Horrez gain, ekoizleen eta labore egileen artean diru banaketa «justuago» bat ere beharko dela diote; zenbat eta etxalde handiagoa, orduan eta laguntza apalagoak. 1992az geroztik, NPBak laborantzaren kudeaketa merkatuaren esku utziizana deitoratu zuten. Hala nola, 1992tik aitzin, NPBren aurrekontuaren %93 merkatuaren kudeaketarako baliatzen ziren; baina, gaur egun, soilik %7 dira horretarako banatuak.
Bioerregaien ondorio latzak
«Laboreak jendeen eta abereen elikagaietatik kenduz erregaiak segurtatzeko hartzea onartezina da», Berhokoirigoinen hitzetan. Bioerregaiek gizartean eragiten dituzten ondorio latzez gain, etxaldeetan ere zailtasunak eragiten dituztela azaldu zuten: merkatuan tentsioak eragiten dituzte, eta prezioen igoera bultzatzen dute. Bioerregaiak berehalako desagertzeko eskatu zuten ELBko ordezkariek.
Laboreen merkatuaren kontrola exijitu du ELBk
Sindikatuak dio Laboreen prezioak inoiz baino handiagoak direnez Euskal Herriko etxaldeek zailtasunak dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu