Atzo Patxi Lopez lehendakariarekin izandako bileraren balorazioa egin du gaur Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Giro atseginean egindako bilera izan zela esan duen arren, orokorrean etsipen eta desilusio sentsazioarekin atera zela gaineratu du Bilbaok. Euskal herritarren beharrei bizkar ematea leporatu dio Lopezi.
Lopezek beren eskumenen baitako laguntza sozialak jaisteko asmoa duela esan du Bilbaok eta horren aurka agertu da. Zergen aferarekin hiru postura daudela azaldu du: zergak jaistearen alde PPk hauteskundeetan erakutsi zuen jarrera, PSE eta Bilduk zergak igotzearen alde erakutsitakoa eta EAJrena, zergak mantentzearen aldekoa.
Zergen arazoa behi batekin alderatu du: "Behi batek, lau aldiz jeizteagatik ez dizu diru gehiago emango"; behia gaixorik dagoela gehitu du Bilbaok.
Adostasunetara iristeko konpromezua ere hartu dutela esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak. Adostasun horiek lau eremuren baitan eman litezkeela aurreratu du: enplegua sortzeko planetan, gizarte eta osasun arloetan, garraio politiketan eta Urdaibaien biziberritzean.