Laino beltzak autogintzan

Nissanek iraupen plan bat egin du azken urteetako galerei aurre egiteko. Bartzelonako lantegia itxiko du: 23.000 lanpostu daude jokoan.

Nissanek Bartzelonan duen lantegiko ataria, ostegun honetan, langileen protesten keaz inguratuta. ANDREU DALMAU (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 28a
14:33
Entzun

COVID-19ak elektrifikatzearen garai berrira oraindik erabat moldatu gabe harrapatu du autogintzaren sektorea, eta, itxura guztien arabera, konpainia handien berregituraketa asmoak bizkortuko ditu.

Etorriko diren gehiagoren adibidea izan daiteke Nissanen gertatzen ari dena. Japoniako konpainiak bere plana egin du automobil fabrikatzaile txikiagoa eta errentagarriagoa izateko, eta sektorean eta kontsumoan datozen aldaketei egokitzeko. Bosten bat murriztuko ditu bere ekoizpen ahalmena eta modelo sorta. Horretarako, mundu osoan duen lantaldearen %15 inguru kaleratuko du.

Konpainiak bere estrategia berriarekin loturiko erabaki batzuk berretsi ditu. Eta argazki nagusietako bat Bartzelonan utzi du. Han duen lantegia itxiko du: 3.000 behargin kalera, eta horrek zeharka eragiten dien beste 20.000ren geroa zalantzan. Ostegun honetan irudikatutakoa, baina, iragarritako heriotza bat izan da. Aspaldikoa, gainera. Hainbat modelo ekoitzi arren, Kataluniako lantegiak ez zuen horietako bakar bat ere egiten esklusiban, eta haren produkzio ahalmena %20 zen gaur egun.

Inoiz herrialdean autogintzaren izarra izandakoak argirik ez zuen ematen jada. 2008ko krisiari hala moduz eutsi zion, eta denbora kontua zen heriotza agiria. Ordutik Kataluniako gobernua eta Espainiakoa irtenbide baten bila aritu diren arren, alferrikakoak izan dira egindako ahalegin guztiak. Espainiako Gobernuak esan du lanean jarraituko duela.

Europan, Renault

Nissan, Renault eta Mitsubishik osatzen duten aliantzak asteon iragarri duen estrategia aldaketak helburu du automobilen garapena eta ekoizpena egokitzea, kostuak murrizteko, eta auto elektrikoen aroari heltzeko. Eredu berriari jarraikiz, kontinente bakoitzean hiru ekoizle horietako bat izango da enpresa liderra —Europan, Renault—. Autoen gamak ere egokitu dituzte, ekoizle bakoitzaren modeloak gutxitu, eta gama horietako bakoitzaren garapena ekoizle baten esku utziko. Adibidez, Renaulten esku dagoen gamaren beste ekoizleen modeloak frantziarren lantegietan egingo dira, eta alderantziz. Horrek lantegiak sakon berregituratzea ekarriko du.

Nissanen bigarren errekuperazio plana da urtebete baino gutxiagoan. Japoniako lehen auto ekoizlea izateri utzi dio; Toyota eta Hondaren atzetik dago gaur egun. Orain gertatzen ari dena Carlos Ghosn konpainiako presidente ohiak —egun Japoniako justiziatik ihesean dabil— azken urteen garatu zuen politika espantsionistaren porrotaren isla ere bada.

Ghosnekin, Nissan-Renault aliantzak urrezko aroa izan zuen, eta gainbehera ere bai. Munduko lehen auto ekoizlea izatea lortu zuen, baina bien arteko harremana beti izan da tentsio handikoa, askotariko interesek eraginda, baita politikoek ere.

Izan ere, duela bi hamarkada, anaia txikiak —Renaultek— salbatu zuen anaia handia, hura hilzorian zela. Ordutik, baina, japoniarrek mesfidantzaz begiratzen diote frantziarren botereari: Eliseoa da Renaulten akziodun nagusia (%15), eta Renault, halaber, Nissanena (%43). Frantziarrek beto eskubidea dute Nissanen erabakiguneetan; alderantziz, ez.

Estatuen esku hartzea

Orain, herrialde guztiak gertutik zaintzen ari dira autogintzan zer gertatzen ari den, sektore horrek haien ekonomian eta enpleguan duen pisuagatik. Antzeko zerbait gertatzen ari da hegazkinekin. Ez alferrik, Europak aukera zabaldu du zailtasunetan dauden enpresei estatu laguntzak emateko. Eta, egungo egoeran, herri ekonomikoki indartsuenek soilik dute dirutza handiak emateko gaitasuna. Testuinguru horretan ere uler daitezke zenbait mugimendu; Nissanenak, kasurako.

Bartzelonako planta itxiko duen arren, Japoniako konpainia horrek ez du zehaztu hango ekoizpena Renault bazkidearen Europako beste lantegiren batera eramango duen; bereziki, Frantziakoetara. Susmoa zegoen Nissanek Sunderlanden (Ingalaterra) duena itxi ote zezakeen, eta hara eramango zutela Renaultek Frantzian itxi asmo dituen lantegietako produkzioa —Frantziako autogileak gaur ezagutaraziko ditu bere asmoak—. Dena den, Nissanek jakinarazi du Ingalaterrako plantak irekita jarraituko duela, eta horrek lasaitua ekarri du Frantzian.

Eliseoak mezu ugari zabaldu ditu egunotan, mugimenduoz ohartarazteko. Eta proposamenak utzi ditu auto ekoizleen mahai gainean ere. 8.000 milioi euro baino gehiago agindu ditu sektorea bultzatzeko, eta Renault izango da hartzaile nagusietako bat: 5.000 milioi euroko mailegu laguntza ari da negoziatzen harekin.

Diru horren trukean, Parisek hainbat konpromiso eskatu dizkio: ibilgailu elektrikoa sustatzeko, jarduera teknologikorik aurreratuenak Frantzian kokatzeko, eta konpainia laguntzaileak errespetatzeko. Hirugarren puntu horrek ere berebiziko garrantzia du, automobilen produkzioarekin batera osagaiena ere berregituratzeko edo mugitzeko arriskua baitago. Eta Frantzian bezala, Euskal Herrian ere eragin dezake horrek —laurehundik gora enpresa eta 55.000 langile inguru ditu sektoreak—.

Autogintza aldaketa garaian dago, eta laino beltzak noranahi heda litezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.