Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamabost langile hil dira urteko lehen hiru hilabeteetan, Osalanek eman dituen datu ofizialen arabera. Epe berean 109 ezbehar larri gertatu dira, eta 14.152 arin.
Lehertu arte esplotatzen gaituzte leloko pankartarekin manifestazioa egin aurretik, hiru sindikatuetako idazkari nagusiek hitza hartu zuten. Eszenatokiaren azpian, sindikatuetako militante ugari heriotzaz mozorroturik agertu ziren. Jose Elorrieta ELAko arduradunaren ustez, egia da Eusko Jaurlaritzak eskumen eta bitarteko gutxi dituela, baina horrek ez du balio bere jarduera zuritzeko. «Gutxienez daukanarekin askoz gehiago egiteko gutxieneko borondate politikoa izan beharko luke».Enpresaburuek legeak eskatzen dituen neurriak hartzen dituzten edo ez neurtzeko plan bat egitea nahikoa izango litzateke ELArentzat, ondoren beharrezko neurri administratiboak gardentasunez hartuko balira, baina, Elorrietaren irudiko, ez da hori Joseba Azkarraga Lan sailburuaren asmoa. «Argazkia egitea gustatuko litzaioke. Sindikatuak alde batean eta patronala bestean, edukirik gabeko akordio bat sinatzeko, batzuk pozteko besteak haserretu gabe».Laneko segurtasunaren egoerak «EAEko administrazioaren noraeza» adierazten duela ziurtatu zuen Elorrietak. «[Patronalari] azpikontratatzen uzten diote, lanuzteetan eskirolak erabiltzen, inbertsioak itzuli gabe alde egiten, eta, gainera, laneko segurtasunarekin jokatzen».Osalanek eta Nafarroako Laneko Osasunaren Institutuak egiten duten lana kritikatu zuen, bestalde, Angel Abalde ESK-ko idazkariak. «Ikertzeko eta kontrolatzeko ardura dute, baina ez dute ez ikertzen ez kontrolatzen». Eusko Jaurlaritzari beharrezko bitarteko ekonomikoak ez ematea egotzi zion. «Funtzio hori gauzatu dadin ez du inolako borondaterik erakusten»,EILASek hezkuntzaren sektorean gaixotasun profesionalekin dauden arazoak nabarmendu zituen. Belen Arrondo idazkariak azaldu zuenez, 2005ean hezkuntzan 31 gaixotasun profesional baino egon ez zirela diote estatistika ofizialek, baina ehun mila lan jardunaldi galdu ziren.
ATZOKO EKIMENAK
Lan osasuna aldarrikatu dute
Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna gaur izanagatik, atzo langileen segurtasuna aldarrikatzeko hamaika ekimen egin zituzten Euskal Herrian.
UGT eta CCOO sindikatuek deituta, ehunka lagun elkarretaratu ziren Gasteizen, SEA Arabako patronalaren egoitzaren atarian. Ordu erdi lehenago gauza bera egin zuten USO sindikatuak deituta. Donostian, berriz, Batasunaren deiari erantzunaz elkarretaratzea egin zuten Adegi Gipuzkoako patronalak egoitzaren parean. Aldiz, CCOOk antolatuta Istripuez haratago beste arrisku batzuk ere badaude. Prebentzioa orain! lelopean dozenaka lagunek manifestazioa egin zuten.
Gaur
Atzo ez ezik, gaur ere ekimen ugari egingo dituzte Euskal Herrian.
LAB:
Bilbo: Gizarte Segurantzako egoitzaren atarian, 11:30. Han izango da Rafa Diez Usabiaga sindikatuko idazkari nagusia.
Iruñea: Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.
Donostia: Polloeko hilerrian, 11:30etan.
Baiona: Merkataritza Ganberaren atarian, 12:30ean eta 18:00etan.
ELA, ESK eta EILAS:
Iruñea: Nafarroako Parlamentuaren atarian bilduko dira 12:00etan, eta handik enpresaburuen egoitzara joko dute.
UGT:
Bilbo: Moyua Plazan, 11:00etan.Han izango daDamaso Casado sindikatuko idazkariak.
Donostia: Bulebarreko kioskoan, 10:00etan.