LAN AUZITEGIKO HAUTESKUNDEAK. Kanporaketa eta soldata arazoak dira auzi gehienetan

Auzi gehienetan, salaketa jarri duenari ematen diote arrazoia; salaketen %95 langileek egiten dituzte

ENEKO BIDEGAIN
2008ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Lan Auzitegiko auzien %95 langileek nagusiaren kontra ezarri salaketatik abiatzen dira. Auzi gehienetan, langileek irabazten dute.

Pausa denbora

Hendaiako Champion saltegiko langilek SMIC gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten zuten 2005eko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 6ra. Hartzen zuten atseden denborako tarte hori soldatatik kentzen zien enpresak. Bost langilek Lan Auzitegira jo zuten, atseden denbora horiengatik kentzen zieten soldata zatia eskuratzeko eskatuz. Auzitegiak arrazoi eman zien, eta Champion kudeatzen duen Altis-Eroski enpresak soldata zati horiek eta kalte ordainak ordaindu behar izan dizkie.

Ehunka ordu zor

Jatetxe eta hotel anitz bada Ipar Euskal Herrian, eta joan den udan Lan Zuzendaritzaren kontrolak jasan dituzte. Jatetxeen %80ek isuna ukan dute, laneko itunak ez errespetatzeagatik. Langile anitzek Lan Auzitegira jotzen dute ordaintzen ez zaizkien ordu gehigarriei dagokien soldata eskuratzeko eskatuz. Batzuetan akordio batera heldu izan dira langileak nagusiarekin, auzira joan gabe.

Anbulantzietan lan egin dutenek ere maiz jotzen dute Lan Auzitegira. Ordu gehigarri anitz egiten dute, eta horiek kobratzea eskatu izan duten langileak maiz kanpo ezarri izan dituzte. Hori salatuz jo izan dute Lan Auzitegira, eta baita auzia irabazi ere.

Sindikalista kanpo

Joan den irailean Lapurdiko enpresa batean langileen ordezkariak hautatzeko hauteskundeak egin zituzten. Ordezkari bat hautatu zuten. Handik 48 ordura, langile hori kanporatua izateko elkarrizketa batera deitua izan zen, eta «huts larriagatik» kanporatu zuten. Auzia Lan Auzitegiaren esku dago, eta hurrengo asteetan epaituko da.

Kanporaketa txarra

Azken urteetako auzi ezagunenetarikoa Noele Mimiren kasua izan da. Miarritzeko Casino saltegi txikiko gerentea zen. Casino saltegiak kudatzen dituen enpresak kanpo ezarri zuen, gerentea izanez ez zela langile arrunta erranez, eta kanpora zezaketela. Lan Auzitegian urte franko pasatu duen auzia da. Azkenean, auzitegiak Mimiri eman zion arrazoia, frogatu baitzuen lan kontratu bat bazuela, nagusi batzuk bazituelako bere gainetik. Langile horri hilabete askotako soldatak ordaindu behar izan dizkiote, kontratua inoiz moztua izan ez balitz bezala. Horrez gain, bere lanera berriz itzuli ahal izan da.

Sexu jazarpena

Baionako enpresa bateko nagusiaren kontrako salaketa ezarri zuten langile batzuek. Nagusi hari jazarpen morala eta sexu jazarpena egitea leporatzen zieten langileek. Auzia irabazi zuten. Azken urteetan jazarpen moralagatik, gero eta salaketa gehiago ezartzen dute Lan Auzitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.