LAN AUZITEGIKO HAUTESKUNDEAK. «Lan Auzitegiko epaileek oso ongi ezagutzen dute enpresetako bizia»

ENEKO BIDEGAIN BAIONA
2008ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Urtero presidente bat hautatzen dute Lan Auzitegian, batean langileen ordezkarietariko bat, bestean nagusien ordezkarietariko bat. Aurtengo presidente kargua nagusien ordezkaritzari zegokion, eta Pascal Cazeres enpresaburuak bete du. Azken urtea du, ez da berriz aurkeztuko Lan Auzitegira, beste gisan lan asko duelako. Esperientzia baikorra izan dela dio. «Asko aldatu naiz, asko ikasi dut lan zuzenbideaz eta lan zuzenbidea errespetatzeko beharraz».

Duela sei urte abstentzio handia izan zen Lan Auzitegiko hauteskundeetan. Zergatik? Informazioa ez delako pasatzen? Langileak bozkatzera joateko beldur direlako?

Nire ustez, mugimendu orokor baten baitan kokatu behar da, non jendea gutxiago interesatzen baitzaion hiritar biziari, salbu aurreko presidente bozetan. Baina beste hauteskundeetan (udal hauteskundeetan, legebiltzarrerakoetan...), parte hartzea apaltzen ari da.

Zer erraten diezu zure langileei edo beste nagusiei, gaurko bozkatze eguna dela eta?

Presidente gisa, erraten dut bozkatu behar dela, garrantzitsua dela.

Zergatik da garrantzitsua Prud Hommes Lan Auzitegiari eustea?

Maiz, Prud Hommes Lan Auzitegiko epaileek oso ongi ezagutzen dute enpresetako bizia, eta egokiagoak dira gatazka batzuk konpontzeko. Haien esperientziarekin baizik ezin dituzte gaiak aztertu.

Nagusi batzuek nahiago lukete laneko auziak epaile profesionalen esku gelditzea?

Nik ez dut inoiz entzun holakorik. Nire kideak pozik dira eta interes bat aurkitzen dute.

Zergatik dira pozik?

Gure enpresatik ateratzen gaituelako eta beste egoera batzuk eta beste enpresa batzuk ikusteko ahala dugulako. Bigarrenik, arazoak ikusten ditugu, egun batez gure enpresara etor daitezkeenak, eta badakigu holako egoera batean zer egin beharko genukeen eta zer ez. Anitz ikasten da.

Zer harreman duzu langileen ordezkariekin?

Oso egokia. Lan Auzitegian, erabaki asko hartzen dira kontseiluan bertan, epaile profesional batengana jo behar izan gabe.

Nagusien ordezkari gisa, langile batek bere nagusiarekin arazoa duelarik, kostatzen zaizu langilearen alde jartzea?

Jakin behar da epaileak garela, zin egin dugula eta testu legegileen arabera epaitzen dugula. Ez gara jartzen nagusiaren tokian. Legearen arabera epaitzen dugu. Norbait justifikaziorik gabe kanporatua baldin bada, ezin dugu nagusiaren alde jarri, ez ginateke sinesgarriak. Gure erabakiak helegite gorteak berresten dituzte; horrek erran nahi du ongi epaitzen dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.