ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru Arcelor enpresaren aurrean bildu dira Bilbon, Bergaran AHTa egiteko lanetan makina batek harrapatuta herenegun hil zen langilearen heriotza salatu eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari lan baldintza duinak bermatuko dituen “benetako politika bat” exijitzeko: “AHT proiektuaren lanetan hiltzen den zazpigarren langilea da”. Bihar, Bergaran egingo dute beste elkarretaratze bat.
Azken bost egunetan hiru langile hil dira lan istripuen ondorioz. Mikel Etxeberria Ibaizabal-Nerbioi eskualdeko ELAko bozeramaileak hori deitoratu du: “Egunero lan istripuen berri dugu, eta hemen ez da ezer gertatzen”. Enpresek “osasuneko gastuak etekinen mesedetan murrizten” dituztela gaitzetsi du.
Ibon Zubieta LABeko Lan Osasuneko idazkari nagusiak ohartarazi du istripu horiek ezaugarri berak dauzkatela: “Igarokortasuna, azpikontratazioa eta prekarietatea” daude istripu “guztien atzean”. Lan baldintza duinak bermatuko dituen “benetako politika” baten beharra azpimarratu du: “Prekarietatea etengo duten neurriak jartzen ez baditugu, lan istripuek eta lanbideen ondoriozko gaitzek errealitate izaten jarraituko dute Euskal Herrian”.
CCOOk beste elkarretaratze bat egin du Bergarako udaletxearen aurrean, Bergarako langilearen heriotza eta lan duinak bermatzeko “neurri falta” salatzeko. Era berean, “batasun sindikalik eza” kritikatu du: “Langile baten heriotzak sindikatu guztiok pankarta beraren atzean bildu beharko gintuzke”. Haren aburuz, batasunik ezak “sindikatu abertzaleek duela asko zehaztutako estrategia bati” erantzuten dio: “Ez dute ezer egin nahi CCOOrekin batera”.