Urtea hasi zenetik 15 pertsona hil dira Nafarroan lan istripuetan, horietatik 11 azken bi hilabeteetan. Hala salatu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek, eta ohartarazi dute heriotza horietako zenbait erraz aihets zitezkeela.
Laneko heriotzak, ordea, "izotz-mendiaren tontorra baino ez" direla dio LAB sindikatuak eta enpresei egozten die lan istripuak ezkutatzea "mutualitateen laguntzarekin". Bide beretik, gogorarazten dute lan istripuen ondorioz hiltzen den langile bakoitzeko 35 direla, zenbait iturriren arabera, laneko gaixotasunen eraginez hildakoak.
Egoera horren eragilea lan baldintza kaskarrak direla salatzen dute sindikatuek: "Lan istripuen erdiak lehen bi hilabeteetan gertatzen dira eta heriotzen herena azpikontratetan". Horren aurrean instituzioek "entzungor" egiten dutela kritikatzen dute sindikatuek, eta enpresaburuek nahiago dutela isunak ordaindu segurtasun neurriak eta lan baldintzak hobetu baino.
Hori dela eta, manifestazioa deitu dute biharko, Iruñean. Protesta arratsaldeko 18:30ean irtengo da autobus geltoki zaharretik eta udaletxe aurrean amaituko da, Geure osasunaren eta bizitzaren defentsan lelopean.