Lan Burtsatik greba orokorra

Grebalarien biltzarra egin da manifestazioa amaitu eta gero Baionako Lan Burtsan. 130 lagun bildu dira greba orokorra eta berriztagarriaren ideia hedatzeko.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Greba orokorraren deia egin zuten atzo arratsaldean Lan Burtsan bildutako 130 bat grebalarik. Hitz horrek intersindikalari beldur egiten badio, hor bildutakoentzat haatik hau da erretreten erreforma kentzeko «molde bakarra». Bakar batzuk izan dira dudakor, baina biltzar bukaerako bozketak «greba orokorrerako» deiari eman zion gehiengoa eta ez batzuk proposaturiko «greba berriztagarriari».

Argi da, Lan Burtsan bildu direnak konbentziturik direla, baina pausatu den galdera hau izan da: «Nola abiarazi mugimendua?». Frantziako hainbat herritan greba berriztagarria abiaturik baldin bada, Ipar Euskal Herrian ez da hala.

«Oinarritik loratuko da»

«Badakigu intersindikalak ez duela greba orokor ala berriztagarririk nahi, oinarritik loratuko da». Sindikatuen buru eta oinarrien arteko tartea handia dela azkar sentitu da eta ordezkariekin duten desadostasuna aurkeztu dute hainbat sindikalistek. Tarteka doinua azkartu eta sindikatuen arteko eztabaida gune bilakaraziz Burtsa. Sindikalista ez den lagun batek hitza hartu arte: «uste nuen herritarren biltzarra zela». Anitz izan dira alde horretara egin dutenak: «sindikatuek negoziatu nahi dute, guk erreforma kendu nahi dugu», « guregana dezagun protesta», «intersindikalen mundua ez da gehiago nirea».

«Guregana», batetik biltzar nagusiak antolatuz lantokietan. Protestaren berri emateko eta lankideak «konbentzitzeko». Ideia hedatzeko, ondoko biltzarrak manifestazioak bukatzen diren tokian egin daitezke, herritarrengana zuzenki joateko eta hala beharrez gero «kalea okupatzeko»ere.

Bestetik, hainbat sektoretako grebalarien arteko koordinazioa eginez. Hain zuzen, bertan zegoen irakasle batek adierazi bezala bakartu egotea litzatekeelako «okerrena». Langile ala ez. Bertan egon direlako baita langabetu ala ikasle, guztiak berdin-berdin mugimendua «gogortzeko» nahikeriarekin. Hari horri segi, gaur 09:00etan hitzordua finkaturik da Lan Burtsan, egunaren antolaketaz erabakitzeko eta 18:00etan egingo da biltzar nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.