Lan erreformaren bidez langileen egoera "prekarizatzen" duten enpresak ez kontratatzeko eskatu dio EH Bilduk Iñigo Urkulluri, eta dagoeneko kontratatuta dituenei, eteteko. Alderdiak ez-legezko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean eta batzorde iraunkorra deitzeko eskaera ere egin du. EH Bilduren esanetan, "koherentzia" eskatuko diote Jaurlaritzari, erreformaren aurka agertu baita. "Nahi dugu ekintzekin erakutsi dezatela aurkako jarrera", esan dute Belen Arrondo eta Arri Zulaika legebiltzarkideek.
Batzorde iraunkorraren saioa antolatzeko 15 legebiltzarkideren sinadura behar izaten da, eta EH Bilduk 21 dituenez, ez da arazorik izango egiteko. Alderdiak azaldu duenez, helburua da lehendakariak sindikatuei eta patronalari azaldutako egitasmoa babestea. "Lidergoz eta protagonismoz jokatu behar du, ezin du ikusle hutsa izan nabarmenki politikoa den eraso honen aurrean".
Confebasken jarrera ere gaitzetsi dute bi legebiltzarkideek. Lan erreformak enpresei nahi duten guztia egiteko aukera ematen diela azaldu dute, eta ondorioz, ez dutela ezer adostu nahi. "Bost axola zaie herri honen eta milaka langileren egoera eta etorkizuna".