Ekonomia

Lan erreforma bertan behera uzteko eskatu dio Muñozek Sanchezi

Espainiako presidente hautatzeko babestu zuten alderdi denak azken lan erreformaren aurka zeudela gogorarazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia Las Kelly plataformako ordezkariekin, gaur, Bilbon egin duten prentsaurrekoan. ELA SINDIKATUA
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 14a
08:02
Entzun

Atzo argazki esanguratsua atera zuten Madrilen. CEOE eta Cepyme patronaleko buruak, CCOO eta UGTko idazkari nagusiak eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea mahai beraren bueltan eseri ziren, besteak beste, lan erreforma eta soldatei buruz hitz egiteko. Argazki horretan Sanchezek berak presioa gainetik kendu nahi izan zuela adierazi du gaur goizean Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, lan erreforma bertan behera uzteko ardura berea delako. “Patronalarekin agertzeak esan nahi du lan erreforman gehiago sakontzea, eta sindikatuekin azalduta presioa gainetik kentzen du”. Horregatik, lan erreforma bertan behera uzteko eskatu du, eta horretarako “zentsura mozioan babestu zuten taldeetan bilatu dezala babesa, horiek denak azken lan erreformaren aurka baitzeuden”.

Sindikatuak bitartean lan erreformaren aurka borrokan jarraituko duela aurreratu du Muñozek. Hain zuzen, Espainiako hoteletako garbitzaileen Las Kelly plataformako kideekin bildu dira sindikatuko ordezkariak, eta bileran Gipuzkoan lortu den ostalaritzako akordioaren nondik norakoak azaldu dizkie. Mirari Irure Gipuzkoako zerbitzuen arloko arduradunaren arabera, akordioarekin lan erreforman bildutako neurri batzuei aurre egin ahal izan zaie. Besteak beste ultraaktibitatea hiru urtetara luzatuz, eta azpikontratazioak egiten direnean ostalaritza sektoreko baldintzetan egingo dela bildu baitzuen.

Angela Muñoz Kellys plataformako kidearen arabera, halako neurriak lortzeko borrokan lagunduko dien sindikatuak behar dituzte Espainian. “CCOO eta UGTrengana joan izan garenean, esan digute lan erreformak negoziazio kolektiboan zeukaten ahalmena kendu diela”. Eta horregatik oinarrizko sindikalgintzara itzuli behar dela aldarrikatu dute. Aukera hori baliatu du Muñozek “mugitzen ez denak ez duela ezer lortzen” esateko. Lan erreformari aurre egiteko modu bakarra berari aurre egitea dela aldarrikatu baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.