Kopenhagetik bueltatuta, urratutako eztarria goxatzen, Adolfo Muñozek (Mañueta, 1959) te bero bati emandako zurrupak eta elkarrizketaren erantzunak tartekatu ditu, Bilboko bulegoan. Ez gehiengo sindikalaren hausturak, ez lan erreformaren ondorioek ez dute aldatu erantzunen tonua.
Erreformak langileei nola eragingo dien neurtzeko orduan erabilitako aditzak adierazgarriak dira: suntsitu, birrindu eta makurtu. Araudi berriak lan harremanak gehiago desorekatu dituela nabarmendu du, enpresarien alde.
Greba orokorrera deituko al duzue lan erreformaren kontra?
Grebarako motiboak badaude. Mobilizazioak egiten jarraitu behar dugu, eta grebaren aukera hor dago. Hurrengo urratsa otsailaren 25eko manifestazioa izango da, Bilbon. Oso garrantzitsua da. Erantzun behar diogu kalte egiten digunari; baina proposamen bat ere egin behar diogu gizarteari, langileei, mobilizazioetara joateko. Oso garrantzitsua da erreformei gogor erantzutea, baina baita langileei zer-nolako proposamena egiten diegun ere. Nola lotzen dugun pobreziarekin, murrizketak egin eta gero pobrezia handiagoa baitator, eta pobrezia sartu behar dugu sindikatuon agendan.
Mobilizazioetan ez dugu ezer baztertzen, eta, nioen bezala, grebaren aukera mahai gainean dago. Jendeak mugimendu sindikalaren sinesgarritasuna ikusi behar du, alternatiba daukala, sozializatu egiten duela eta jendea horretarako mobilizatzen duela, ez bakarrik erantzuteko.
Greba orokorra egitekotan, LABekin egingo al duzue?
Egitekotan, besteekin hitz egingo dugu, eta horretan ari gara.
Zer iritzi duzu lan erreformari buruz?
Funtsean, lan eskubideen eta soldaten kontrako eraso gupidagabea da. Lan harremanak are gehiago desorekatu dituzte, enpresarien mesedetan, jakina. Erreformak dena suntsitzen du: langilea merkantzia bihurtzen du, enpresariak nahi bezala erabiltzeko eta nahi duena egiteko; eta, nahi duenean, merke kaleratzeko. Langileek ez dute zerikusirik krisian, baina agintean daudenek krisia baliatu nahi dute langileen eskubideak deusezteko. Horren erakusgarri da lan erreforma: langileen eskubideak birrindu egin ditu, langileak makurrarazi nahi ditu, eta enpresariei tresnak eman dizkie langileei xantaia egiteko. Langileei kaleratzeko mehatxua egingo diete lan baldintza okerragoak onartzeko.
Lan zuzenbidearen eta langileen babesaren kontrako estatu kolpea da: kontratu berri bat sortu dute, urtebeteko proba epearekin, langileak bata bestearen atzetik erabili ahal izateko; sektoreko hitzarmenak ez dira bete beharrekoak; kaleratzeetan hogei eguneko kalte-ordaina orokorra izango da; enplegua erregulatzeko dosierretan ez da Administrazioaren baimenik beharko... Sekulako erasoa da.
Bisitan etorri zen lagun batek esaten zuen: etsaia zu konbentzitzen saiatzen da; konbentzitzen ez bazaitu, zu erosten saiatzen da; eta erosten ez bazaitu, zapaldu egiten zaitu. Lege hau langileak zapaltzeko tresna da.
Zein ondorio izango ditu?
Ekonomia gelditu egingo du. Agerikoa da langabezia merkatzeak eta errazteak langabezia handituko duela. Langabeziarekin batera, baita pobrezia ere. Erreformen helburua soldatei erasotzea da. Esaten dute soldatak jaitsi behar direla kanpoan lehiatzeko, baina hori ez da ez bidezkoa, ez beharrezkoa, gainerakoak gauza bera egiten ari direlako.
OCDEk esan du Espainian dagoela pobreen eta aberatsen arteko tarte handienetakoa, bi arrazoirengatik: alde batetik, soldaten arteko aldearengatik, prekarietatearen ondorioz; bestetik, kapital errentei emandako abantailengatik.
Soldaten jaitsiera eragingo al du?
Inolako zalantzarik gabe. Langileak pobretzea da helburua, eta enplegu prekarioa nahi dute.
Sindikatuen lanaren kontrako erreforma ere ba al da?
Bai, jakina. Ikusi besterik ez daude negoziazio kolektiboari buruzko erabakiak. Edukiz hustu egin dute. Langileen babes kolektiboa ahuldu egin nahi dute, lan harremanak are gehiago desorekatzeko.
Aintzat hartu behar da negoziazio kolektiboa ez dela bakarrik lan baldintzak zehazteko esparrua, baita aberastasuna banatzeko eta ekonomia erreala dinamizatzeko tresna ere.
Espainiako Gobernuaren arabera, lan harremanak modernizatu dituzte, Europakoetara gerturatu.
Europa? Alemaniako sindikatuak munduan zehar ibiltzen ziren esanez sektoreetan sekulako lan hitzarmenak zituztela. Orain jakin dugu Gerhard Schroder kantziler ohiak-eta zazpi milioi langile utzi dituztela minilanekin. Horiei ez zaie aplikatzen negoziazio kolektiboa.
Lan erreformak probintzietako hitzarmenak babesten ditu. ELAri leporatu izan zaio enpresetako hitzarmenen aldekoa dela, enpresetan botere handia duelako.
Elezaharrak idatzi dituzte horri buruz. Diote ELAri enpresetako hitzarmenak bakarrik interesatzen zaizkiola, baina gezurra da. ELA probintzietako hitzarmenen alde dago. Esan beharko genuke nork egin duen ahalegin handiena Gipuzkoako metaleko hitzarmena lortzeko, kolektibitateena, garbitzaileena, merkataritzakoa, ostalaritzakoa... Errealitatea aztertuz gero, ikusten da nork egin duen ahalegin handiena hainbat hitzarmenetan.
Confebask, LAB, CCOO eta UGT probintzietako hitzarmenak blindatzen saiatu dira. Posible al da probintzietakoak blindatzea?
Ez. Lan baldintzak blindatzeko tresna bakarra sindikatuon indarra da. Confebask sindikatua aldarrikapenen bidetik ateratzen saiatu da, fikzio bat saldu die, jakinda Mariano Raxoik nahi zuen guztia emango ziola. Patronal batek, jakinda gobernuak nahi duena emango diola, ze premia du zuri zerbait emateko? Negoziazio birtuala izan da.
Enpresetan langile asko daude sindikatuen babesik gabe.
Jada gertatzen ari da, baina etorkizunean are gehiago gertatuko da. Sindikalizatu gabeko eremuetan ez da negoziazio kolektiborik egongo.
Eta zer egingo duzue?
Sindikalismoak saihestu nahi badu lan baldintzak alde bakarretik ezartzea, ez dauka beste erremediorik langileak afiliatzea baino. Afiliatu eta afiliatu. Antolatu. Oinarrietara bueltatu. Hori sekulako lana da, eta gu hor gaude. Sindikatua indartsu egoteaz arduratzen gara, jendeari zerbitzua eskaintzeko, eta hori ez da hegemonia. Langileei oso gordin hitz egin behar zaie: sindikalizatu gabeko eremuek ez dute negoziazio kolektiborik izango. Enpresa batzuetan bakarrik egongo da enplegu duina, hain zuzen langileek indarra dutenetan, langileak antolatzen direnetan eta borroka egiten denetan. Beraz, alternatiba bakarra dago: sindikatu gehiago. Sindikatuaren bidez bakarrik egin dakioke aurre eraso honi. Langile klasearen indarra indar kolektiboa da. Kentzen ari diren eskubideak berriro eskuratu behar dira.
Egoera honetan gizartea askoz ere proletarioagoa izango da, eta klase nortasuna aldarrikatu beharra dago.
Lege erreformak sekulako malgutasuna eskaintzen die enpresariei lan baldintzak aldatzeko. Lehen ez al zegoen malgutasunik enpresetan aldaketetara egokitzeko?
Adibide bat emango dizut: ELAko ordezkari batek enpresarien ordezkari bati galdetu zion ea inoiz kontraturen bat galdu duten enpresa ez delako egokitu. Ez zion erantzun. Arrazoizko malgutasuna hitzartuta dago enpresetan, baina arrazoizko malgutasun hori ez da nahastu behar jende gutxiagorekin askoz ere produkzio gehiago egitearekin.
Ezin al da onartu soldatak jaistea egoera zailean dagoen enpresa batean?
Soldata ez da inongo kasutan enpresek lehiakortasuna galtzeko edo enpresak ixteko arrazoia. Soldatak jaisteak enplegua suntsitzen du. Ez dago soldatak jaisteko arrazoirik. Soldatek zazpi puntu galdu dituzte aberastasunaren banaketan. Soldatak jaitsi ez, aberastasuna hobeto banatu behar da. Aukerak badaude, eta borroka egin behar dugu. Zoritxarrez, aberastasunaren banaketari buruzko eztabaida desagertu egin da agenda politikotik.
Adolfo Muñoz. ELAko idazkari nagusia
«Lan erreforma estatu kolpea da langileen babesaren kontra»
Lan erreformaren kontrako erantzuna lantzen ari da: alde batetik, sindikatua indartzea eta zabaltzea; bestetik, mobilizatzea. LABekin hitz egiten ari da, greba orokorra antolatzeko aukeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu