Lan erreforma Konstituzionalera iritsi da

PSOEk eta IUk elkarrekin jarri dute helegitea, Espainiako Konstituzioa urratzen duelakoan

Erredakzioa
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
PSOEk eta IUk elkarrekin aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean lan erreformaren kontrako helegitea. Mariano Raxoiren gobernuak onartutako lan erreforma joan den uztailaz geroztik dago indarrean, eta PSOEren eta IUren ustez, Espainiako Konstituzioko bost artikulu urratzen ditu.

Helegitearen arabera, honako hauek dira urratutako bost puntuak: Konstituzioak sindikatu eta enpresa erakundeei onartzen dien rol instituzionala (7. artikulua); askatasun sindikalerako eskubidea (28. artikulua); negoziazio kolektiborako eskubidea (37. artikulua); lanerako eskubidea (35. artikulua); diskriminazio trataeren aurrean izan beharreko babes konstituzionala (14 eta 103. artikuluak) eta babes judizial eraginkorra (24. artikulua).

Soraya Rodriguez PSOEko bozeramailea «erabat ziur» dago helegitea tramiterako onartuko duela auzitegiak, baina presazko prozeduraren bidea zabaltzeko eskatu du. Izan ere, Madrilgo gobernuak legea proposatu zuenean PSOEk egin zituen aurreikuspenak bete direla gogorarazi du: ordutik langabezia tasak gora egin duela (%21etik %25era) eta lan itunak %37 jaitsi direla.

«Kolpe konstituzionala»

PSOEk eta IUk ez eze, Espainiako Kongresuko Ezker Plurala taldean biltzen diren alderdiek ere babestu dute helegitea. Chesus Yuste CHA Chunta Aragonesistako diputatuaren arabera PPren lan erreformak negoziazio kolektiboa «dinamitatu» du, eta atzerapausoa eragin du lan harremanetan zein harreman instituzionaletan.

Joan Coscubiela ICV alderdiko ordezkariak, sozialistek bezala, sententzia azkarra eskatu dio justiziari, «hamabi milioi langileren eskubideak airean daudelako». IUko bozeramaile Jose Luis Centellak, berriz, gobernuak herritarren eta konstituzioaren kontrako legea egin dutela leporatu die popularrei. Centellaren arabera, «benetako kolpe konstituzionala» da Raxoiren gobernuaren lan erreforma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.