Lan erreformako edukiak nahi ditu Adegik metaleko hitzarmenean

Soldata izoztea eta lanorduak gehitzea proposatu du; patronalaren jarrera salatu dute sindikatuek

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ia hilabetean elkartu gabe egon ostean, atzo berriro bildu ziren sindikatuak eta patronala Gipuzkoako metaleko negoziazio mahaian. Adegik proposatu du soldatak izoztea, 16 lanordu gehitzea eta lan erreforma berria hitzarmenean txertatzea. Horri esker, sei hilabetean eskaerak jaitsiz gero, lan baldintzak aldatzeko aukera izango lukete enpresek; bederatzi hilabetean jaitsiz gero, kaleratze objektiboak egitekoa;langileei 30 urte egin arte formakuntza kontratuak egin ahalko zaizkie; eta espedienteak aplikatzeko ez lukete administrazioaren baimenik beharko. Horretaz gain, negoziazio garaietan mobilizazioak galaraztea nahi du patronalak. Sindikatuek gogor kritikatu dute planteatutakoa.

«Enpresen egoera kritikoa da, eta gure proposamenak hori hartzen du kontuan. Malgutasuna behar da merkatura egokitzeko», azaldu du Adegik. Gogoratu du herrialdeko hitzarmena egotea nahi duela. ELAk «konfrontazio giroa» eragitea leporatu dio. «Oraingo itunaren gainean negoziatzeko exijituko dugu. Soldatak KPIaren gainetik igo behar dira, Gipuzkoan kontsumoa suspertzeko».

CCOOri «iseka» iruditu zaio Adegiren proposamena, eta greba orokorrean parte hartuz erantzuteko eskatu die langileei. Eskaera berbera egin du UGTk ere. LABek greba pasatu arte herrialde mailako negoziazio mahaietara ez joatea erabaki zuen, eta hala egin zuen atzo. Hurrengo bilera apirilaren 3an izango da, Precoren egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.