PPk bere gehiengoaren alperra pasata onartutako lan erreforma gogor kritikatu du Magdalena Valerio Espainiako Lan ministro berriak. Oposizioan zegoenean izan duen posizio kritiko horri eusten dion ala jarrera aldaketarik baden ikusi nahi dute Espainiako sindikatuek, CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok gaur bertan esan duenez, eta Valeriok PPren erreforma ukitzeko asmoekin jarraitzen duela berretsi du. "Lan erreformaren erabateko berrazterketa egitea" da haren helburuetako bat, Onda Cero irratian azaldu duenez; "negoziazio kolektiboaren boterea berreskuratu" nahi du Valeriok, besteak beste, "soldatak hobetzeko".
Horrez gain, "errenta itun bat" egitea nahiko luke Lan ministroak, gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasuna bermatzeko. "Soldata duinak" nahi ditu Valeriok, "bizitza hobeak ahalbidetzeko, bai langileentzat, bai pentsiodunentzat".
Musika atsegina da langile eta pentsiodunen belarrietan, baina ikusteko dago gehiengo parlamentariorik ez duen gobernu bat zer egiteko gai den. Elkarrizketa sozialari ekingo diola ere esan du, eta itxuraz, helburu hori erraz bete dezake, sindikatuak horixe bera eskatu diotelako azken orduetan. Unai Sordok "kontraste azkarra" egin nahi du Lan ministroarekin eta Pedro Sanchez Espainiako presidente berriarekin. "Oposizioan zirela lan erreformari eta pentsioei buruz erakutsitako posizioei eusten ote dieten" jakin nahi du CCOOko idazkari nagusiak. "Baietz espero dut", esan du Sordok.
PPk bere kabuz 2012an onartutako lan erreformak erabat ahuldu zituen sindikatuak patronalaren aurrean. Negoziazio kolektiboa patronalaren alde desorekatu zen erabat, besteak beste, mugagabeko ultraaktibitatea urtebetekoa izatera pasatu zelako. Espainiako gobernu aldaketarekin batera ugaritu egin dira erreforma hori aldatzeko beharra aldarrikatzen duten ahotsak. Unidos Podemosek legea baliogabetzea eskatu du, eta EAJk "hainbat aldagai" aldatzeaz hitz egiteko prest legokeela jakinarazi du. Ez du erraza ematen, ordea, Parlamentuan dagoen gaur egungo oreka politikoarekin doikuntza batzuk egitetik harago joatea.
Euskal gehiengo sindikalak, ELAk eta LABek, itunen estatalizazioa geratuko lituzketen aldaketak nahiko lituzkete. Lan erreformak negoziazio kolektiboaren lokarria are sendoagoa bihurtu du azken urteetan, eta euskal akordioen ezak Espainiako gero eta sektoreko itun gehiago ekarri ditu Euskal Herrira. Horrek euskal langileen soldatak behera bultzatu ditu.
Itunen estatalizazioari buruzko azalpena, iazko otsaileko Ekonominutua-n:
[youtube]https://youtu.be/X1EDX10PA68[/youtube]