Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak baieztatu du etziko lan erreforman ez dela egongo ez kontratu bakarrik, ez minilanik. Lan ministroak lau orduko agerraldia egin zuen atzo Espainiako Kongresuko Enplegu eta Gizarte Segurantza Batzordean, baina lan erreformari buruzko xehetasun gutxi eman zituen.
Espainiako Gobernuak kontratu motak gutxitu nahi ditu, baina ez du kontratu bakar baten alde egingo, Konstituzioaren kontrakoa delako. Ez ditu minilanak onartuko, hilean 400 euroko soldata duten gazteentzako lanpostuak. Bañezen esanetan, gazteek ezin dute eduki lanbide arteko gutxieneko soldata baino lansari apalagoa (641,2 euro hilean). CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak proposatu zituen bai kontratu bakarra, bai minilanak.
Bañezek ez zuen argituMariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak zergatik espero duen greba orokor bat lan erreformaren kontra, hau da, zein neurrik eragingo duen sindikatuen haserrea, greba orokor baten beldur izateraino. Lan ministroaren arabera, lan erreforma «osoa, orekatua eta erabilgarria» izango da, eta ez du uste sindikatuek greba orokorrera deituko dutenik.
Etziko erreformak ez ditu aldatuko langabezia sarien kopuruak, baina Espainiako Gobernuak plan bat jarriko du abian, bai langabezia saria jasotzen dutenak, bai langileak kontratatzeagatik hobariak jasotzen dituztenak hobeto kontrolatzeko.
Erretiroa, berriro eztabaidagai
Gobernuak erretiroari buruz eztabaidatu nahi du. Hainbat neurri hartu nahi ditu: alde batetik,lan egitea eta pentsioaren zati bat jasotzea bateragarria izatea; bestetik, erretiro aurreratuak gutxitzea; eta, horiez gain, langabezia saria erretiroa hartzeko bide gisa erabiltzea saihestea. Lau lagunetik bat langabeziatik iristen dira erretirora. Espainiako Gobernuak uste du pentsioak bizi osoko kotizazioen araberakoa izan behar duela eta erretiro adinaren batez bestekoak adin ofizialetik gertuago egon behar duela.
Lan erreformatik kanpo geratu dira kontratu bakarra eta 'minilanak'
Espainiako Gobernuak bateragarri egin nahi du erretiratuek lanean jarraitzea eta pentsioa kobratu ahal izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu