Zerga erreforma sakon baterako proposamen bat landu eta aurkeztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, Confebaskek. Miguel Angel Lujua patronaleko presidentearen irudiko, azterketa «ausarta» egin dute, baina «guztiz beharrezkoa». Edukia polemikoa izan daitekeela ere badaki Confebaskek, orain arteko ereduari buelta ematea eragingo lukeelako.
Patronalaren ustez, enplegua sortzeak izan behar du zerga erreformaren helburu nagusia, eta hori lortzeko, ezinbestekotzat jo du enpresek gaur egun dituzten zerga betebeharrak murriztea eta mugatzea. Jaitsiera horiek orekatzeko aukera, berriz, errenta zergan eta BEZean ikusten du. Europako zenbait herrialdetako zerga eta kotizazioak alderatu dituzte txosten batean, eta txosten horretatik abiatuta proposamen zehatz batzuk atera ditu Confebask-ek, eta atzo Bilbon aurkeztu zituen.
Jarraitu beharreko eredu bat aukeratu du patronalak: Alemania. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia industrialarekin antzekotasunak dituela uste du, baina, hortik haratago, zerga sistema norabide jakin bat duelako aukeratu du. «Alemanian enpresak enplegua eta aberastasuna sortzen du, baina ez diru sarrera fiskal adierazgarriak; sarrera horiek jarduera ekonomikoak dakartzan enplegu eta kontsumotik datoz», dio hitzez hitz txostenak.
Enpresen mesederako zerga egitura bat lortu ahal izateko, zergetan aldaketak egitea beharrezkotzat jo du Confebaskek, «Europako batez bestekoetara hurbiltzeko». PFEZri dagokionez, lan errentek gehiago ordaintzea eskatu du, eta enpleguarekin lotu du zuzenean. «Geure lagunak, auzokoak edo lehengusuak lan egin dezan gehiago ordaintzeko prest ote gauden galdetuko bagenu, gizarteak ahalegin gehigarri horri baietz esango lioke», esan du Lujuak.
Patronalaren azterketan ez da kapital errentek duten tratuari buruzko aipamenik agertzen. Gaur egun, horiei ezartzen zaien tasa %18koa da, eta lan errenten kasuan, berriz, tasarik txikiena %23koa da. Kapital errentek ere lanekoei eskatu zaien ahalegina egin behar ote duten galdetuta, Lujuak erantzun zuen ez zutela xehetasunetan sartzeko asmorik.
PFEZren balizko igoera horretatik kanpo lan errentarik handienak utzi ditu Confebaskek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 62.440 eurotik gorako lan etekinek tasarik handiena ordaintzen dute, %45. Kopuru hori gehiegizkotzat jo du patronalak, eta soldata onenak dituztenak saritu beharra aldarrikatu du. «Lan errenta handienei gehiago ordainarazi nahi izatea gogoeta txarra da, talentuak alde egingo duelako».
Kotizazioak jopuntuan
Zerga proposamen orokorra izanik, hainbat eskumen maila ukitzen ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek errenta edo sozietate zerga aldatzeko eskumena dute, baina estatuari dagokio BEZa eta Gizarte Segurantza arautzea. Kotizazio sozialei dagokienez, enpresak ordaindu beharreko partea murriztea bideragarritzat jo du patronalak, eta langileena handitzeko tartea ere ikusten du, Europan batez beste gehiago ordaintzen ari direlako.
Halaber, sozietate zergaren tasa orokorra berriro murrizteko unea dela uste du. Hain zuzen ere,lau puntuko jaitsiera iradoki du: %28tik %24ra. Enpresa txiki eta ertainen tasa nominala —250 langile baino gutxiago dituztenena— %24 da dagoeneko. Kenkariak baliatu ondoren, enpresen etekinek benetan ordaindutako tasa nabarmen txikiagoa da: %15 eskura dagoen azken datu ofizialean, 2007. urtekoa.
Administrazio publikoaren tamainari buruzko eztabaidari ere heldu dio azterketak. Etxebizitzaren burbuilari esker erakunde publikoek diru sarrera «apartekoak» izan dituztela ohartarazi zuen Nuria Lopez de Gereñu patronaleko idazkari nagusiak, eta orain gastu horri ezingo diotela eutsi nabarmendu zuen. «Tamaina erreal batera jaitsi beharko dute».
LABek «zinikotzat» jo du proposamena, «haien helburua diru sarrera fiskalei egiten dion ekarpena murriztea baino ez delako».
Lan errentei zergak igotzea proposatu du Confebaskek, «enpleguari laguntzeko»
Alemaniako zerga sistema eredutzat hartzea eskatu du patronalak, eta enpresei tasak nahiz kotizazioak murriztearen alde egin duOrain arteko gastuari ezingo diotela eutsi ohartarazi die administrazio publikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu