Egungo errealitatearen argazki bat egin baino, langileek dauzkaten eskubideak biltzen dituen gida bat landu dute LABek eta Ernaik. “Gazteei ez diegu erakutsi nahi enpresetan zer topatuko duten, baizik eta zer dagokien”, azaldu du Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak. Abiapuntu horretatik, lan eskubideen alde bi erakundeek elkarnalanean jarduteko asmoa erakutsi dute. Izan ere, Irati Sienra Ernaiko kideak adierazi duenez, “enpresetara sartu berri diren gazteek askotan ez dakite zein eskubide dituzten, eta horretaz aprobetxatzen dira enpresariak gazteak esplotatzeko”. Horregatik, lan merkatura sartu aurretik jakin beharrekoak, kontratu motak, negoziazio kolektiboaren inguruko argibideak edota kaleratzean langileak dituen eskubideak zeintzuk diren argitzen ditu gidak.
Gazteen artean ahalik eta zabalpen handiena eman nahi diote bi erakundeek, eta horretarako hiru esparrutan zabalduko duta gida. Batetik lanbide heziketa eta unibertsitateetako ikasgeletara joango dira gazteei euren eskubideak zeintzuk diren azaltzeko. Bestetik, euren “eremu naturalean” zabalduko dute mezua. Hau da, kalean. Eta azkenik, enpresetara ere joango dira, nahiz eta oraindik han eramango duten estrategia zein den zehaztu ez duten. Eremu horietan guztietan, deneran 12.000 gida banatuko dituzte.
Langileek dituzten eskubideen bilduma hau egiteko arrazoia argia izan da. “Gazteei ahal bezain beste prestatu behar dutela esan zaie, eta eurek euren zatia bete ondoren, sistemak ez die erantzun”, Etxaideren arabera. Lanik gabe, etxetik irteteko aukera gabe daudela salatu du, eta hala egiten duten askok, Euskal Herritik kanpo egin behar izan dutela. “Aukera hori borondatezkoa izan ez bada, inposatu litekeen gauzarik ankerrena da”. Horrez guztiaz gain, diru sarrera bermatzeko errentarik jasotzeko aukerarik ere ez dute. Beraz, lan merkatura sartu nahi duten gazteei aukera bakarra geratzen zaiela adierazi du sindikatuko ordezkariak: prekarizazioa. “Konformismoa ez da bidea, gazteek eskubideen jabe izan behar dute”.