LAN GATAZKA. Caballitoko negoziazioak berriro hautsi dira

Grebalariek datorren astelehenean zehaztuko dituzte mobilizazioak

IVAN SANTAMARIA - GASTEIZ
2004ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Itxaropenak aste eskas bat iraun du. Pferd-Ruggeberg Caballitoko zuzendaritzaren eta greba mugagabean dauden langileen arteko negoziazioak hautsi dira berriro, eta gatazka uda aurretik bezain blokeaturik dago oraindik.

Joan den astean Precoren bidez enpresa eta Langileen Batzordea bildu ziren. Sindikatuek proposamen bat helarazi zioten zuzendaritzari, eta asteon erantzuteko konpromisoa hartu zuten Caballitoko ordezkariek. Atzo berriro batzartu ziren, eta erantzuna «etsigarria» izan zela salatu zuten grebalariek.

Joseba Leza Langileen Batzordeko presidenteak azaldu zuenez, enpresak baztertu egin du berriro arbitratzearen aukera, eta UGTrekin lortu zuen ituna balekotzat jo du. Era berean, greba utzi eta lanera itzultzea eskatu zien grebalariei, sindikatuen eta enpresaren artean plan industrial bat hitzartu eta zenbat langile soberan dauden zehazteko.

«Enpresak adarra jo digu», adierazi zuen, haserre, Joseba Lezak batzarraren ondoren. Lanera sartzea, besterik gabe, baztertu zuen grebalarien bozeramaileak: «Ez ditugu hamar hilabete kalean igaro orain lantegira umiliaturik bueltatzeko». Precoren bitartekaritzaren bidea, oraingoz, eten egin dela uste du. «Gu prest gaude negoziatzeko, baina enpresak proposamen serioak egin behar dizkigu».Horrenbestez, grebak 11 hilabete beteko ditu hilaren 30ean, eta ez da konponbiderik ikusten. Gatazka piztu zuen hitzarmen kolektiboa Caballitoko 191 langileri dagokie. Orain 115 langilek kalean jarraitzen dute, eta beste 76 lanean ari dira. Enpresan, gainera, beste 30 langile daude itunetik kanpo, bulegariak eta karguak, batez ere.

Astelehenean zehaztuko dituzte mobilizazioak

Caballitoko zuzendaritzaren erantzuna aztertu eta gero, enpresari emandako menia bertan behera utzi eta mobilizazioei berriro ekitea erabaki dute sindikatuek. Datorren astelehenean batzordea bildu da, eta, horren ondoren, grebalari guztiek batzarra izango dute. Batzar horretan zehaztuko dute, besteak beste, hurrengo asteetako estrategia, eta jarraitu beharreko mobilizazio egutegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.