Gipuzkoako larrialdietako langileek greba mugagabea egingo dute astelehenetik aurrera, azaroaren 2an eta 3an egindako lanuzteek negoziaziorik ekarri ez dutelako. ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuek antolatu dute greba: «Enpresek ez dutelako akordioa lortzeko pausorik eman». Asteartean manifestazioa egingo dute, herrialdeko hitzarmen kolektiboa aldarrikatzeko asmoz.
Era berean, langileek biltzarrak egingo dituzte, abian jarriko dituzten neurriak zehazteko. Izan ere, greba egin arren, %100eko gutxieneko zerbitzua ezarri ohi diete larrialdietako beharginei. Gehiegizkoa dela salatu dute eta, horrelakorik errepika ez dadin, legezko neurriak hartzea aztertzen ari dira. Esan dutenez, gose greba egitea da aukeretariko bat. Hala ere, iragarri dute errehabilitazioko zerbitzuak eta lekualdaketak bertan behera izango direla.
Manifestazioa, asteartean
Astearteko manifestazioa Donostiako udaletxetik abiatuko da eta Pio XII plazako Osakidetzaren ordezkaritzarainoko bidea egingo dute. LABeko Gorka Cascantek jakinarazi zuenez, «Osakidetzak ez du gatazkan esku hartu nahi». Eskakizunak «enpresen eta langileen arteko arazoa» direla erantzun die Jose Antonio Arratibel Osakidetzeko kontratazioko zuzendariordeak langileei, sindikatuen arabera.
ELAko Jose Ignacio Bertizen arabera, larrialdietako zerbitzua osatzen duten beharginak 250 eta 300 bitartean dira. Garraiolariek, erizainek eta administrariek ere, besteak beste, greba egingo dute. CCOOko Jaime Duranen hitzetan, «hasieran bezala» daude eta aurrera egiteko, neurriak gogortuko dituzte. «Langileek negoziatzeko borondatea eduki arren, enpresek aurrekontu eskasari egotzi diote errua».
LAN GATAZKA. Etzitik greba mugagabea Gipuzkoako larrialdietan
%100eko gutxieneko zerbitzua ez betetzeko neurriak aztertzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu