LAN GATAZKA. Hilaren 6an eta 11n lanuzteak VWen

Lantegia ixtea eragin zuen atzo arratsaldean mantentze lanetan aritzen direnen grebak

IRUÑEA
2006ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Volkswagenek Nafarroan duen lantegiko beharginek ez dute eginen etziko deituta zuten mugarik gabeko greba, baina beste protesta ekintza batzuk iragarri dituzte. Apirilaren 6rako eta 11rako lanuzteetara deitu dute, lan txanda bakoitzean lau ordukoak. Hilaren 11n, gainera, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, 12:00etan.

Langileen batzordeak atzo goizean egindako bileran erabaki zituen protesta ekintza berriak. CCOO, LAB eta CGT sindikatuek proposatu dituzte mobilizazioak. UGTk eta CCk, berriz, ez dituzte babestu. Datorren astelehenean txanda bakoitzean bi orduko batzarrak eginen dituzte Landabengo lantegian, mobilizazio egutegia jakinarazteko.UGTk iragarri du ez duela parte hartuko batzar horietan. Josu Sanchez Bruna langileen batzordeko presidente eta UGTko ordezkariak zuzendaritzaren jarrera aldatzeko aukera gutxi daudela iritzi dio, eta zuzendaritzaren azken eskaintza onartu ala ez erabakitzeko langileei galdeketa eginez erabaki behar dela esan du.

Eskutitza zuzendaritzari

Beste sindikatuek negoziatzen jarraitzeko eskaera eginez idatzi bat bidali diote zuzendaritzari. Nafarroako Volkswagengo presidenteak lan ituna hilaren 7a baino lehen sinatu ezean, Poloa beste lantegi batean ekoitziko dela mehatxu egin die.

Joan den ostiralean egin zuten moduan, Volkswagenen mantentze lanetan aritzen diren 375 langileek greba egin zuten atzo ere. Makinen matxura eta funtzionamendu txarragatik auto muntaketak bertan behera gelditu ziren lantegian 17:00etan, eta zuzendaritzak lantegia 22:00ak arte ixtea erabaki zuen. Greba dela eta goizeko txandan 80 auto gutxiago egin ziren. Zuzendaritzak mantentze lanetan aritzen diren 22 lagun produkzio sailaren menpe jarri ditu eta horregatik egiten ari dira lanuzteak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.