Sindikatuak eta zuzendaritza ez datoz bat Nafarroako Volkswagenen. Zuzendaritzak 2002an lan batzordearen gehiengoarekin hitzartutako malgutasun akordioak oraindik ezarri daitezkeen ala ez erabakitzeko epaiketa izan zuten bi aldeek Nafarroako Auzitegiko Lan arloko epaitegian, atzo. Oraindik indarrean daudela defendatu zuen zuzendaritzak. Sindikatuek, aldiz, akordioaren eragina 2004ean agortu zela esan zuten.
Duela hilabete gutxi epaitegian salatu zituen Volkswagenek UGT, CCOO eta CC sindikatuak. Zuzendaritzarekin 2002ko abenduan hitzartu zituzten malgutasun akordioak ez betetzea egotzi zien. Atzoko epaiketan zuzendaritzak lan itun berririk sinatzen ez den bitartean duela hiru urte adostutako akordioak indarrean daudela defenditu zuen. Langileen ordezkariek, berriz, akordioa 2004ko urte bukaera arte sinatu zela esan zuten, eta egun ez dela baliagarria. Epaiketa epaiaren zain gelditu zen. Epaileak hamabost egun ditu sententzia kaleratzeko.Epaiketa egiten ari zen bitartean, langileek kontzentrazioa egin zuten atarian. Sindikatuek txanda bakoitzean hiru orduko lanuztea deitu zuten langileak protesta ekintzara joan ahal izateko. Hirurehun langile inguru elkartu zen Auzitegi atarian lantegiaren etorkizuna ziurtatzeko eskatzera. Lanuztegatik 445 auto gutxiago egin ziren Volkswagenen atzo.
LAN GATAZKA. Malgutasun akordioak indarrean daudela dio VWek
Langileak elkarretaratzea egin dute Nafarroako Auzitegiaren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu